Emakumeak energiaren sektorean. Marisa Castro. Ekologistak Martxan

«Energia ahal ekonomikoaren arabera pagatu behar litzateke»

Energiaren arloa ikuspuntu ekofeminista batetik lantzeko beharra azpimarratu du Castrok; ekoizpena banatzea eta energia zerbitzu publiko bidez ematea galdegin du.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
jone arruabarrena
Bilbo
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Ekologistak Martxan elkarteko energia lantaldeko kidea da Marisa Castro (Madril, Espainia, 1976), eta baita elkartearen Espainiako konfederazioko energia eremuko koordinatzailea ere. Aspaldi ohartu zen energiaren arloan zeuden genero desberdinkeriez, eta 2018. urtean eman zuen pausoa: beste hiruzpalau emakumerekin batera Trantsizio Ekologiko Ekofeminista baten aldeko Emakumeen Sarearen lehen topaketa antolatu zuen. «Pentsatzen genuen betiko laurak elkartuko ginela, eta, bat-batean, 150 emakume bildu ginen».

Ikusi gehiago:Trantsizio energetikoa, feminismotik

Noiz erabaki zenuten energiaren sektorean genero parekidetasuna aldarrikatzea?

Mariano Rajoyren gobernuak trantsizio energetikoaz aritzeko hamalau gizonez osatutako aditu talde bat sortu zuenean hasi ginen kontuaz hitz egiten. Geure buruari galdetzen genion ea nola zen posible 2018. urtean horrelako zerbait gertatzea.

Urte horretan bertan, gizonezko aditu horietako batzuek manifestu bat atera zuten gobernuari energiaren sektorean emakumeen presentzia eskatzeko.

Bai. Hor hasi ginen gure artean koordinatzen sarea osatzeko. Eztanda bat izan zen. Gaiaz hitz egiten hasi zen, azaleratu zen inoiz ez dela emakumezko Energia ministro bat egon. Gizonekin soilik hitz egiten zen trantsizio energetikoaz. Sarea sortu genuenean, topaketa bat antolatu genuen, eta konturatu ginen emakume mordoa ginela sektorean, leku askotakoak, eta elkarrekin saretzeko beharra genuela. Orain, pandemia dela eta, apur bat gelditu da gure jarduna. Baina saretzen jarraitzen dugu.

Nolakoa da gaur egun daukagun energia eredua?

Energia fosiletan oinarritutako eredu bat daukagu. Produkzioa leku konkretu batzuetan biltzen da, eta horrek esan nahi du enpresa gutxi batzuetan eta esku gutxi batzuetan geratzen dela. 1997. urtera arte, gobernuak erregulatzen zuen energia sistema. Enpresek sortzen zuten, eta sare elektriko publikoaren bidez leku guztietara garraiatzen zen. Baina, orduan, merkatua liberalizatu egin zen, eta horrek ekarri zuen ekoizpena, garraioa eta kontsumoa ere banatzea.

Zer ekarri zuen aldaketa horrek?

Ordutik, ez daukagu kontsumitzaileei bizitzeko behar duten energia ematea helburu duen zerbitzu publiko bat. Orain dirua egiteko negozio huts bat da; argindarraren prezioa, adibidez, merkatuaren arabera ezartzen da, burtsa balitz bezala. Ez da oinarrizko beharrizan baten gisan hartzen. Elektrizitatearen kostua eta daukan prezioa guztiz banaturik daude.

Nola eragiten die kontsumitzaileei?

Orain arte ohituta egon gara etengailuari eman eta argia izaten, besterik gabe. Ez dugu izan ezeren gaineko erabakimenik, eta egun ere ez dago horretarako mekanismorik. Emakumeak gara, normalean, etxean bizitza kudeatzen dugunak, eta ez daukagu ekarpenik egiterik auzi horretan.

Zuek eredu ekofeminista proposatzen duzue. Zertan datza?

Guk esaten dugu oinarrizko beharrizan bat izan behar duela, eta bakoitzak daukan ahalmen ekonomikoaren arabera ordaindu beharko lukeela energia.

Ordaindu behar da, beraz?

Bai, bestela alferrik xahutuko genuke, erabilera desegokia emango genioke energiari. Eta energia berriztagarriek ere inpaktua dute.

Zer gehiago?

Ez dadila energia kutsagarria izan; garbia izan dadila, eta eskuragarria. Ekoizpenaren banaketa ere eskatzen dugu; ez dadila energia guztia leku batzuetan produzitu. Horrela garraioa ere gutxituko dugu. Horrez gain, hezkuntzan ere asko dago egiteko. Batetik, emakumeak bultzatzea energiaren sektorean formakuntza jaso dezaten, eta, bestetik, ekodependentzia eta halako kontzeptuak hedatzea; lurra ustiatzeak ondorio batzuk dakartzala argi izatea. Prozesu guztian herritarren parte hartzea ere ezinbestekoa da. Erabakimena izan dezaten, ekonomia solidarioaren bidez.

Energia kooperatibek eredu feministagoa bultzatzen dute?

Unibertsitatean, proportzioan, emakume gehiago dago energia berriztagarrien ikasketak egiten. Eta gaur egun martxan dauden kooperatibak energia berriztagarrienak dira. Beraz, kooperatiba guzti horiek oinarri hobea daukate, teknikoki jada emakume gehiagok hartzen dutelako parte bertan. Hala ere, erraza da halako proiektuetan ohiko rolak erreproduzitzea, eta horrekin adi ibili behar da.

«Mundua aste barruan Bilbo-Madril hegaldi batean aurkitzen duzun gizon horrentzat dago egina», dio Itziar Abadek.

Gizon aberatsa, zuria, ez duena zaintza lanik egiten. Janaria eginda dauka, eta ez da jabetzen energia behar dela hori egiteko. Bizitza hor dago, eta bera ez da arduratu behar hor segitu dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.