Adiskideari

Mikel Arrizabalaga Aizpurua
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Udaberri goxoan, berriro itzuli nauk Aiako Harriko tontorrera egunsentiaren liluraren bila, Euskal Herriko harkaitz zaharrenetan elezaharren ezkutalekuetara gerturatu eta gure arbasoek utzitako lekuko isilen babesean pausatu. Eta ez haut ikusi.

Uda beroan, berriro murgildu nauk Bardeako basamortuaren ilargi itxurako tolestura harrigarrietan, urak bortizki moldatu dituen sakan basatietan sartu eta naturak zizelkatu dituen eskulturak bisitatu. Eta ez haut ikusi.

Udazken epelean, berriro barneratu nauk Orhiren magalean, milaka tonu ezberdinez jantzi eta kolorez lehertzen den Iratiko basoan, errekaren murmurioak erakutsitako bidezidorretan ibili eta haizeak pagoen hostoak orraztean sortzen duen musika entzun. Eta ez haut ikusi.

Negu gordinean, berriro bueltatu nauk Aralarreko malda elurtuetara, hegan egitera gonbidatzen duten amildegi zirraragarrien ertzera gerturatu eta amesten genuen Euskal Herria irudikatu. Eta ez haut ikusi.

Urte bat eta lau sasoi, sentimenduz eta hutsunez betetako leku eta uneak, bakardadeak hauspotzen duen mina, oroitzapenek pizten duten argi ahula, lagunaren irudia airean marrazten duen koadro hutsa, haize bortitzak daraman adiskidearen hatsa. Ez diat amorerik eman nahi, ez nauk hire presentzia ezaren aurrean errendituko, ez eta, gure lur emankor eta ederrean hirekin egindako bideetan galduko.

Eta Urbiako larreetara itzuli nauk. 1954an, Forutik, hire jaioterrik atera, hamabiurterekin Arantzazuko seminarioan sartu eta, ondorengo urteetan, horrenbeste maitatu eta bisitatu hituen paraje eder horietara. Ermita eta Fonda itxita. Arbelarreko bordetara jo diat segidan, eta gerturatzean, zaldi bat, bakarrik, pago lerdenaren itzalean, Oltzarako bideari so. Hi ote?

Istant batean, akordura etorri zait, gure mendietan barrena, maiz aipatzen hidan desioa, Euskal Herriko lurretan libre ibiliko zen zaldi batean berraragitzea nahiko hukeela hain zuzen.

Lepoa biratu eta nagoen lekura begiratu duk, denboraren laburrean galdu denbegirada, eta Oltzako bide labirintikoan murgildu haiz. Itzuli haiz eta ikusi haut. Eta poztu nauk.

Gaur, berriz, Kukuarriko talaiara itzuli nauk, eta, iaz, adiorik gabeko despedidan, lau haizeetara barreiatutako hitzen uberan, gure adiskidetasunak marrazten duen zerumugari so geratu natzaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.