Kongresuak uko egin dio Trumpen aurkako 'impeachment'-a hasteari

Ordezkari demokraten %40k presidentea kargutik kentzearen kontra bozkatu dute. Saudi Arabiari armak saltzeko debekua onartu dute

2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
AEBetako Ordezkarien Ganberak ez du onartu Donald TrumpAEBetako presidentea kargutik kentzeko impeachment prozesua abiatzea. Behe Ganberako ordezkariek atzo goizaldean bozkatu zuten, baina ezezkoa nagusitu zen: kargugabetze prozesua martxan jartzearen kontrako 332 boto egon ziren, eta aldeko 95. Behe Ganbera osatzen duten 435 ordezkarietatik, 235 Alderdi Demokratakoak dira, eta horietatik %40 Trump kargutik kentzearen aurka agertu ziren atzo.

Al Green Ordezkarien Ganberako kide demokratak Trump kargutik kentzeko hirugarren saiakera egin zuen, AEBetako presidenteak azkenaldian egin dituen adierazpen arrazisten harira. «Munduari erakutsi behar diogu nola sentitzen garen Etxe Zurian intolerante bat edukitzeagatik», esan zuen Greenek. Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak, ordea, Greenen estrategiaren kontra zegoela azaldu zuen bozketa hasi aurretik, eta honako hau gehitu zuen demokraten liderrak: «Ordezkarien Ganberako sei batzorde lanean ari dira jakiteko ea nahikoa arrazoi dauden Trumpen aurkako epaiketa politiko bat abiatzeko».

«Debekatuta egon beharko litzateke AEBetako edozein presidenteri hau gertatzea», adierazi zuen Trumpek, bere Twitter kontuan. Izan ere, pentsatzen du kudeatzea tokatu zaizkion afera guztien artean «irrigarriena» dela.

Etxe Zuriko maizterrak lau diputatu demokrataren aurkako adierazpen arrazistak egin zituen joan den igandean, baina ez zituen izen-abizenekin aipatu: «Haien jatorrizko herrietara itzuli beharko lukete». Alexandria Ocasio-Cortez, Ilhan Omar, Ayanna Pressley eta Rashida Tlaibi buruz ari zen. Haien aurkako komentario arrazistek kritika zaparrada ekarri zuten, eta AEBko Ordezkarien Ganberak Trumpen hitzen aurkako gaitzespen adierazpen bat onartu zuen, «estatubatuar berriekiko eta beltzekiko beldurra eta gorrotoa legitimotzat hartzen baitute». Alderdi Errepublikanoko lau diputatu ere Trumpen jarreraren kontra azaldu ziren.

«Bidali ezazu bueltan!»

Trump bere jarraitzaileekin bildu zen herenegun, Ipar Carolinan. Omar kongresukidearen aurka mintzatu zen, eta bildutakoak «bidali ezazu bueltan!» hasi ziren oihuka. Omar Somaliatik iritsi zen AEBetara, errefuxiatu gisa, 1990eko hamarkadaren hasieran. Presidenteak berehala erantzun zien mitinean esandakoei: «Egon behar dudan tokian nago. Horrekin bizi beharko duzu».

Ordezkarien Ganberak atzo onartu zuen AEBek zenbait herrialderi armak saltzeko debekua, Senatuak ekainean egin bezala. Ebazpena aurrera aterako balitz, AEBek ezingo lizkiekete armak saldu Saudi Arabiari, Espainiari, Jordaniari, Erresuma Batuari eta Italiari, besteak beste. Hala ere, espero da Trumpek betoa jartzea debeku horri, eta, orduan, ez litzateke indarrean sartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.