Kataluniako prozesu subinarista. Epaiketa

Torrent: «Ez diogu uko egingo gure etorkizuna erabakitzeko nahiari»

Parlamentuko presidenteak dio gatazka politikoa soilik erreferendum baten bidez konpon litekeela. Espainiako Segurtasun idazkari ohiak esan du mossoek ez zutela galdeketa eragozteko agindua bete

Jose Antonio Nieto Espainiako Segurtasun idazkari ohia, atzo, Auzitegi Gorenera iristen. Eskuinean, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea. Biek lekuko gisa deklaratu zuten. BALLESTEROS / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Kataluniako preso politikoen kontrako epaiketaren laugarren astean deklaratuko duten lekukoen txanda iritsi da. Matxinada delitua izan ote zen zehazteko giltzarri izango dira aste honetako lekukotzak, tartean polizia indarretako ordezkarienak eta arduradunenak. Jose Antonio Nieto Espainiako Segurtasun idazkari nagusi ohia bera izan zen atzoko saioan deklaratzen lehena, eta irmo defendatu zuen segurtasun indarren jokabidea, «ahal izan zen indarkeria txikiena» baliatu zuten. Nietorena izan da orain arte lekuko gisa deklaratu dutenen artean agerraldirik luzeena; izan ere, lau ordu luzeko saioan, banan-banan babestu zituen fiskalaren tesiak, adieraziz «indarkeria ekintzak» izan zirela urriaren 1eko erreferendumaren «aurretik, bitartean eta ondoren». Mossoekin, berriz, oso kritiko izan zen, haren hitzetan ez baitzuten erreferendumaeragozteko agindua bete.

Eguneko beste protagonistarenlekukotasuna oso bestelakoa izan zen. Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak deliturik egon zela ukatu zuen arratsaldeko saioan: «Nik ere botoa eman nuen». Espainiako Auzitegi Gorenean lekuko gisa deklaratu zuen, eta adierazi zuen gatazka politikoa soilik erreferendum baten bidez konpon litekeela: «Kataluniarrok inoiz ez diogu uko egingo gure etorkizuna erabakitzeko nahiari». Vox alderdi ultraeskuindarraren galderak ere erantzun zituen, eta horien txandan esan zuen prozesuaren helburua zela kataluniarrek botoa ematea eta etorkizunaz erabakitzea.

«Distortsioa»

Torrent «distortsioaz» mintzatu zen. Parlamentuko diputatuak kartzelan egotea «larritzat» jo zuen, horien artean aurretik bere kargu berean zegoena dagoelako preso: Carme Forcadell. Torrentek hark bezala jokatuko zukeela adierazi zuen. Forcadellen jardueraz galdetuta, esan zuen eguneko gai ordena ezin dela erabili erabakitzeko zertaz hitz egingo den parlamentuan eta zertaz ez. Vox alderdia akusazio partikularra izateagatik ere kezkatuta agertu zen Torrent. Espainiako Konstituzioaren kontrakoak izan zitezkeen neurriez galdetuta, presidenteak erantzun zuen ebazpen horiek ez zirela derrigor bete beharrekoak. «[Parlamentuko Mahaia] organo politiko bat da, eta ez du baloratzen proposamenen muina, horiek konstituzioaren aurkakoak izanagatik».

2017ko irailaren 6ko eta 7ko saioetan onartutako legeek gatazkari irtenbide politiko bat ematea zutela helburu azaldu zion ere Estatuaren abokatuari. «Estatuarekin negoziazio eta elkarrizketa prozesu bat lortu nahi zuten. Trantsizio Legeak sekula ez zuen izan ondorio juridikorik».

Parlamentuko Mahaiko hainbat ordezkari politikok ere lekuko gisa deklaratu zuten presidentearen bertsioak ukatuz. PSC eta Ciutadanseko ordezkariek Auzitegi Konstituzionala gutxiestea leporatu zieten buruzagi independentistei.

Arreta, dena den, goizeko saioan zegoen. Jose Antonio Nieto Espainiako Segurtasun Estatu idazkari ohiak, izan ere, bere egin du urriaren 1ean gertatutakoaren erantzukizuna, une horretan haren arduradun nagusi izandakoak ez bezala. Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak ostegunean deklaratu zuen, lekuko gisa hark ere, eta ukatu egin zuen urriaren 1eko operatibo polizialarekin zerikusirik izatea: «Nik inoiz ez nuen polizia operatibo bat ez diseinatu, ez baloratu. Nik ez nuen egin beharrekoari buruzko agindurik eman».

Espainiako segurtasun indarretako 6.000 agente bidali zituen Madrilek Kataluniara. Zoidoren jarrerak kritikak eragin zituen, guardia zibilen eta polizia nazionalen sindikatuek «eskuak garbitzea» leporatu zioten biharamunean ministro ohiari.

Nietoren erantzunak, berriz, erabat lerratu dira akusazioaren argudioekin. Mossoek «erabateko eraginkortasunik ezaz» aritu zirela, eta polizien eta guardia zibilen jokabidea, aldiz, «eredugarria» izan zela «pentsa zitekeen agertoki okerrenean». Generalitateak elkarlanerako borondate gutxi zuela gaineratu zuen ere: «Espainiako Gobernuak indarkeria arriskuaz ohartarazi zion Generalitateari». Tentsioak irailaren 20an jo zuela goia adierazi zuen Nietok: «Dena oso surrealista izan zen, baina bereziki egun horretako bilera. Mossoen burua erabat lerratuta zegoen gobernuarekin». Ekonomia kontseilaritzaren pareko elkarretaratzean «egoera larrituz» joan zen, manifestariek guardia zibilen zenbait ibilgailuri kalte egin zieten.

Nietok ziurtatu du segurtasun indarrek herritarren kontra erabili zuten indarkeria saihestu zitekeela, erreferenduma bertan behera utzita. Kataluniako Gobernuak, baina, galdeketari eusteko borondatea zuela nabarmendu zuen. Herritarrak «antolatuta» zeudela ziurtatu zuen Nietok; beren helburua segurtasun indarrei barrura sartzea eragoztea zen, haren hitzetan. Erresistentzia «handia» izan zela ziurtatu zuen, eta aitortu poliziek eta guardia zibilek indarkeria erabili zutela; «batzuetan, era deigarrian». Arratsaldeko operatibo poliziala eteteko «agindu politikorik» jaso izana ukatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.