Utzi bakean Orixe

Nekane Arsuaga, Izaskun Ormaetxea, Eli Gabarain
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Azken hilabete eta erdi honetan Tolosako Orixe institutuko komunitatea astindu dute hainbat gertakarik. Urtarrilaren 14an bertako ikasle batzuek youtube-n argitaratutako bideoa izan zen ustez lehena. Bideoan, ikasle batzuen hainbat kezka eta ezinegon plazaratzen ziren (guk dakigula ez zen aurrez ikasleen bilera orokorrik edo asanbladarik izan), eta hainbat eskaera egiten ziren. Bideoaren edukiak baino gehiago harritu gintuen kezka horiek adierazteko erabiltzen ari ziren bideak, eta batez ere, ikastetxetik kanpo zabaltzeko interes horrek; izan ere, ikastetxeak baditu horiek bideratzeko mekanismoak.

Egunak aurrera joan ahala egoera korapilatzen joan zen. Ikasleek egin zuten salaketa hark gure barne arautegiko hainbat puntu urratzen zituela ondorioztatu zen, eta arautegia jarraituaz neurri zuzentzaileak proposatu ziren.

Ikasle batzuek salaketa dinamikarekin jarraitu zuten, firma bilketak eginez, kirats eta zarata eguna antolatuz eta otsailaren 19rako eskualdeko grebara deituz, otsailaren 22ko «batera jotze nazionalera» iritsi arte.

Egunak pasatu ahala, gure komunitateak gero eta gutxiago ulertzen zuen gertatzen ari zena, epe labur batean Euskal Herri osoak gure ikastetxean jarriak zituen begiak, eta ezin genuen sinetsi, etxe barruan ebatzi zitezkeen hainbat kontuk nolatan hartu zuten halako dimentsioa. Zergatik tematu ziren kanpoko eragileen bidez kudeatzen?

Baina ulertu dugu. Kosta zaigu, baina ulertu dugu!

Istorio hau ez zen urtarrilaren 14an hasi. Ez, honen jatorria bilatzeko atzerago jo behar dugu, hiruzpalau hilabete atzera. Ikasle munduan saretu nahi duen erakunde batek estrategia bat diseinatu zuen, eta estrategia horren azken helburua indar erakustaldi handi bat egitea zen, etorkizunean ikasle mugimenduan sendo kokatu ahal izateko. Zer behar zuten horretarako? Eraikinean erraz sartu ahal izango zuten ikastetxe bat, estrategia hori gauzatu ahal izateko beharrezko zituzten ikastetxe bertako giza baliabideak, eta bertako ikasleek bat egin ahal izango zuten aldarrikapenen bat. Eta hala izan ginen hautatuak, hala bilakatu ginen orain arte ulertu ezin genuen egoera baten protagonista etabiktima.

Ikasleen eskaerak babesten omen dituen erakunde horri bost axola izan zaizkio ikasleen ikas-baldintzak, izan ere Orixeko ikasleen egunerokoa hankaz gora jartzea eta giroa petraltzea zen estrategiaren zati garrantzitsuenetakoa. Beraien garaipena aldarrikatzea izan da helburu bakarra.

Ekuazio hau askatu dugunean ulertu ditugu hainbat gauza:

1. Ikastetxe barneko mekanismoak erabiltzeari muzin egin eta zuzenean youtube bidez aldarrikapen eta eskaerak egitea, mediatizazioa helburu izanik.

2. Aipatutako Ikasle mugimenduak bitartekaritza eskaintzea:

Azken finean, helburua ikasle mugimendu horren presentzia ikas-eremuetan sendotzea izan da. Alderdikeriaz jokatu dute.

3. Batera jotze nazionalera deitua zegoen egunean zuzendaritzarekin bilera bat egitea eskatzea. Intimidazioaren bidez negoziazio mahai bat lortzea.

Izan ere, jakinda Orixe eraikin zaharrean sartzea eta teilatuetara igotzea zein erraza den, argi daukagu ikastetxea okupatu eta, are gehiago, blokeatu nahi izan zela. Zertarako? Balizko «negoziazio mahai» horretarako presio gisa erabiltzeko. Gazte batzuek, teilatura igo, eta pankarta bat jarri zuten. Gure susmoa da, horrez gain, ikastetxea okupatzea zela beraien estrategia. Edonola ere, ez zuten erabat lortu, eta, hori ikusirik, ikuskariek eskainitako asteleheneko hitzorduari heltzea baino ez zitzaien gelditu.

Eta hemendik aurrera, zer....

Amesgaizto moduan gogoratu nahi genuke jasandako guztia. Beste edozein Hezkuntza komunitate gisa jokatu nahi dugu. Hezitzaileak garen heinean eta hezkuntzaren ikuspegitik, beti ditugu irekiak ikastetxeko kontuez hitz egin eta hobetzeko bideak bilatzeko foroak, betiere elkarbizitzari minik egiten ez dioten baliabideak erabiliz, noski.

Eguneroko lanean indarra jarri nahi genuke, eta komunitate indartsu bat osatu, non bertako kide bakoitzaren ongizatea bilatzen dugun. Baditugu indarguneak, baita ahulguneak ere, eta horiek ezagutuz, eguneroko jardunean aurrera egitea dugu helburu, denen parte hartzea bultzatuz.

Asko eskatzea al da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.