Polemikaren erdian berritu dute ANC

Biltzar Nazional Katalanak idazkaritza nagusia berritu du, baina militanteen %21,4k bozkatu dute soilik, barruko tirabiren eraginez. Datorren astean aukeratuko dute biltzarreko presidentea

ANCren urteko biltzarra Manresan, joan den apirilaren 17an. SUSSANA SAEZ / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesuari bultzada emateko giltzarria da ANC Biltzar Nazional Katalana, baina azkenaldian ez dago bere onenean, eta atzoko saioa barruko tirabirek sortu duten desanimoaren isla izan zen, militanteen parte hartzea eskasa izan baitzen. Idazkaritza nagusiko 77 kideak aukeratu behar zituzten ia 34.000 militantek, baina 7.247k eman zuten soilik botoa, %21,4k, antolatzaileen behin-behineko datuen arabera.

77 kide horiek —25 nazionalak eta 52 lurraldeetakoak— gidatuko dituzte ANCren etorkizuneko erronkak eta egitasmoak, besteak beste, prozesu eratzailea sustatzea eta herritarren arteko dinamikak antolatzea eta indartzea. Horrez gainera, presidentea aukeratuko dute osoko bilkuran, datorren larunbatean.

Baina hauteskundeotako kanpaina 2011n ANC sortuz geroko tirabiratsuena izan da aurrez aurre dauden bi taldeen artean. Alde batean, Jordi Sanchez egungo presidentearen taldea dago—Convergenciaren agindupean aritzea leporatzen diote—, eta beste aldean 22 hautagairen taldea—sancheztarrek ERCren menpera ari direla diote—. Krisitik ateratzeko hainbat neurri hartu zituen biltzarrak Manresan, urteko biltzarrean, joan den apirilaren 17an, ANCren bide orria zehaztearekin batera.

ANCren oinarriak sendotzeko beharrarekin elkartu ziren herritarrak. 2.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten, eta, besteak beste, batzar nagusiak debekatu egin zuen taldeak eta hautagaitza kolektiboak egiteko aukera, baina 22ko taldeak artikulu polemiko bat argitaratu zuen, eta militante askok kritikatu zuten debeku hori ez zutela aintzat hartu. ANCk propio kanpainarako ezarritako espazioak ere ez zituztela errespetatu salatu zuten.

Alderdikeriak

Baina korapiloa gehiago handitu zen Quim Torra eta Jordi Calvis hautagaiak zerrendatik kanpo utzi zituztenean. Hainbat bazkidek aurkeztutako arrazoiak aintzat hartu, eta hauteskunde batzordeak erabaki zuen bi hautagaiok ANCren araudia urratzen zutela, Torra Gai Garaikideen Ikerketa Zentroko zuzendaritzan dagoelako —Generalitateari lotutako zentroa da—, eta CalvisCUPeko zerrendan joan zelako hauteskunde batzuetan. Alegazio berriak aurkeztu zituzten Torrak eta Calvisek, eta onartu zituzten azkenean.

Hauteskundeen araudiaren interpretazioak ere buruhauste ugari sortu ditu, joan den astean ANCk ezarritako baldintzak ez dituzte-eta hautagai askok bete. Besteak beste, biltzarrak antolatutako eztabaidetara eta webgunera mugatu behar zuten kanpaina, baina batzuek komunikabideetara egin dute jauzi.

Biltzarra berritzeko kanpaina hilabeteotan izandako nahasmenaren beste ondorioetako bat da. Irailaren 27ko hauteskundeetan, independentziaren aldeko alderdien gehiengoa lortuta helburua bete zuten arren, Artur Mas presidente izatearen inguruan sortu zen krisiari aurre egin behar izan zion, urtarrilaren 12an, azkenik, Masek urratsa albora egin eta Carles Puigdemont buru gobernua osatzea lortu zuten arte, baina iraileko hauteskundeen aurretik ANCk independentziaren aldeko hainbat alderdirekin lotutako sinergia positiboak hautsita dauzka. Azken urtean Jordi Sanchez presidenteak egindako lanari ere leporatzen diote gainbehera.

Atzo aukeratutako kideen lana izango da ANCren krisia gainditzea eta biltzarraren sorreran zuen filosofia berreskuratzea: alderdietara lotu gabe alderdiak prozesura bultzatzeko lanari ekitea, alegia. Datorren astean onartuko duten presidenteak ere garrantzia izango du Kataluniako prozesuaren aurrean dituzten erronketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.