SDF kritiko agertu da AEBekin: «Gure lagunek saldu egin gaituzte»

Koalizio militarrak aireko eremua ixteko eskatu dio nazioarteari, Turkiarekin «gerra justu bat» izateko. Iran prest dago bitartekari lanak egiteko

ander perez zala
2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Egoeraren larritasunaren ahotsa izan zen atzo Redur Khalil Siriako Indar Demokratikoen (SDF) komandantea, Turkiaren Rojavako erasoaren berri emateko egin zuen agerraldian. Batez ere kritiko agertu zen Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentearen erabakiarekin: «Gure lagunek saldu egin gaituzte. Huts egin digute. Bi borroka ditugu orain: bata, Estatu Islamikoaren aurkakoa, eta bestea, geure burua defendatzekoa, Turkiaren aurka».

Agerraldi horren aurretik, Mark Esper AEBetako Defentsa idazkariak adierazi zuen ez dituztela «kurduak abandonatu», argudiatuta AEBetako soldaduak «Siriako beste parte batzuetan» daudela haiekin. Trumpek asteon defendatutako jarrera da hori, nazioarteko estatuen kritikak jaso zituenetik.

Khalilen arabera, bonbardaketak hasi zirenetik 200 zibil inguru hil eta zauritu dituzte Ankararen indarrek, tartean SDFren 45 borrokalari: «Etengabe ari dira bonbardaketak egiten, misilen eta artilleriaren bidez».

Hori da Turkiak koalizio militarrarekiko duen abantaila, eta horren jakitun da komandantea: «Nazioarteari hegaldirik gabeko eremu bat finkatzeko eskatzen diogu. Turkiarekin gerra justu bat izan nahi dugu». Bonbardaketen ondorioz, 200.000 lagunek etxetik ihes egin behar izan dute asteon, Rojavako agintarien arabera.

Presioa Etxe Zuriari

SDFren komandanteak agerraldia baliatu zuen AEBei presio egiteko: «Errusiarekin eta Siriarekin harremanetan gaude jada, akordio bat egiteko».

Iranek ere zeresana izan nahi du asteotan hasitako gatazkan, Turkiaren eta kurduen arteko bitartekari lanak eginda; Mohammad Javad Zarif Atzerri ministroak egin zuen proposamena, atzo: «Iranek laguntza eskain dezake alde guztiak hurbil daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.