Uda betea izango dute

Ostiralean hasiko da Udako Emakume Master Cup torneoa, Haron. Lau bikotek jokatuko dute, eta finala abuztuaren 27an izango da

Zumaian aurkeztu zuten, atzo, Udako Emakume Master Cup torneoa. Han jokatuko da finala. EMAKUME MASTER CUP.
ainara arratibel gascon
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Emakume Master Cupek badu udako torneoa. Ostiral gauean hasiko da, Haron (Espainia), eta finala abuztuaren 27an jokatuko da, Zumaian (Gipuzkoa). Guztira lau bikote arituko dira nor baino nor gehiago: Amaia Aldai eta Andrea Capellan, Olatz Arrizabalaga eta Uxue Oses, Maddalen Etxegarai eta Enara Gaminde, eta Leire Garai eta Itxaso Erasun. «Osotxapelketa erakargarria izango da, jada txapelketak irabazita dituzten pilotariak azpitik gero eta indar handiagoz irteten ari diren gazteekin nahastuko baitira», nabarmendu zuten antolatzaileek.

Udako torneoarekin, Emakume Master Cupek urte osoko egutegia izango du, eta horri ere garrantzia eman zioten. «Abentura zoragarri hau martxan jarri zenean, emakumeek esku pilotan aritzeko txapelketa bat izatea sekulako aurrerapauso bat izan zen. Denbora gutxian nesken esku pilotak sekulako garapena izan du, eta hau beste urrats bat da». Duela hilabete eskas, 1.600 pilotazale bildu ziren Nafarroa Arenan Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketaren finala ikusteko, eta oraingoan ere jaialdietan zale dezente erakartzea espero dute. Gainera, txapelketatik harago, pilotariek herrietako jaietan antolatzen diren partidak izango dituzte.

Pilotariak ere pozik zeuden.Hala mintzatu zen, esaterako, Olatz Arrizabalaga: «Min hartuta egon den arren, Uxue [Oses] oso gustura dabil azkenaldian. Atzelari oso ziurra da, eta nik hori behar dut aurrean nire jokoa egin ahal izateko. Beste bikoteak ere oso gogorrak dira, baina guk gure jokoa eginez gero, zail jarriko dizkiegu gauzak».

Enara Gamindek ere txapelketa parekatua espero du. «Ez dut uste faborito argirik dagoenik. Maddalenekin pare bat txapelketa jokatzeko aukera izan dut, eta oso ondo moldatu gara. Ea oraingoan ere horrela den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.