urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Espainian katalanez

2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Astebete da Espainiako telebistak Kataluniako hauteskundeei buruzko eztabaida egin zuela. Xabier Fortes kazetariak aurkeztu eta gidatu zuen, eta hasieran bertan erakutsi zuen Madrildik bidalitako mezua: mesedez, egizue espainieraz, Kataluniatik kanpo uler zaitzaten. Espaloitik jaitsi gabe eutsi zioten independentistek, katalanez; duintasunez lehendabizi, baina ohikoa ere badelako. Aspaldi egiten dituzte Katalunian bi hizkuntzetan solasaldiak (baita Balear uharteetan ere, ez hainbeste Valentzian). Pena ere eman zidan Fortesen jarrerak: PPren zuzendaritzen bazterketa jasan izan du telebista publikoaren duintasuna defendatu duenean eta. Galiziarra da, sarritan dabil galizieraz txioka, hizkuntzaz harro baina etxerako den uste subordinatuz, nonbait.

Bederatzi hautagai ziren eztabaidan: egun Parlamentuan daudenak, eta Vox. Tira, Puigdemont zerrendaburu eta Laura Borras lehendakarigai duen JxCat teknikoki Parlamentuz kanpoko alderdia da, hauteskunde batzordeak iaz bereizi zen PDeCATi eman diolako egungo talde parlamentarioaren lekua. Moncloatik Espainiako auzitegirik iluneneraino Puigdemont-Borras tandemak eragiten duen deserosotasunaren seinale dela aitortu beharko da, eta, era berean, ERCk emaitza onak lortzeak egonkortasun seinaletzat hartuko lituzketela. Zer esanik ez, duela bi hamarkadako hirukoa berritzea. Baina orduan pujolismoa kanporatzeko balio izan zuen ezkerreko aliantzak, eta orain pujolismoaren ordezkariak eurak urrundu dira JxCatetik (bitxi egiten da Parlamentura nekez sartuko den alderdi bat bultzatzen ikustea EAJ). JxCatetik joandako mitxelinek kenduko dizkiote boto batzuk eskuinetik Borrasi, eta, batzuetan, boto gutxi batzuk kentzea da mugimendu batek ez irabazteko lehen urratsa. Baina, era berean, zentraltasuna eta sinesgarritasuna ematen diote erbesteko ildo independentistari, askorik ezkutatu gabe zikloa amaitutzat jotzen duen eta ezker unionistarekin erosoago sentitzen den ERCko buruzagien apustuaren ondoan.

Bide bat edo beste hobetsi, itsusi, oso itsusi joan da astea. Politika bera ez da ñabarduren leku izaten, hain gutxi hauteskunde kanpainan. Laura Borrasen kontra jo dute, Auzitegi Gorenak auzipetu duelako. «Ustelkeria» esan dute alde batean; bestean erantzun Junquerasi ere «ustelkeria» egotzi diotela, dena estatu sakonaren azpijokoa dela nabarmentzeko. Azalpen izan zitezkeenak hauteskunde kanpainan elkarri erasotzeko aitzakia direnez, halaxe amaitu du kontuak, elkarren kontrako urteotako ezinikusia leherraraziz. Gonzalo Boye abokatua xextra baretzen saiatu da Izan gaitezen koherente eta zintzo artikuluan: «Laura Borras, aurretik Junqueras, Romeva, Turull, Bassa, Forn, Rull, Cuixart, Sanchez eta beste hainbat ikertu edo auzipetu legez, lawfare deitzen dugun horren beste biktima bat da, eta ez dago iruditeria kolonizatzen uztea eta errepresioren kontakizuna erostea baino gauza arriskutsuagorik». Herritar independentisten artean dagoen etsipen eta alderdiekiko mesfidantza giroan, eta pandemiak bozkalekura joateko dakarren beldurra aintzat hartuta, Moncloak badu irabazteko itxaropenik Bartzelonara bueltan bidali duten Salvador Illaren eskutik.

Katalana du Illak ama-hizkuntza, baina espainieraz ibili zen TVEko eztabaidan. Lehen aipatu dugun mentalitate subordinatua, Sonia Guerra diputatu sozialista katalanak laburbildu zuen «probintziano eta edukazio txarreko» izatea egotzi zienean katalanez ziharduten hautagaiei. Katalunian bere horretan eman zuten eztabaida, handik kanpo, zuzeneko bikoizketa jasan behar izan genuen, BBCk Gerry Adams 80ko hamarkadan isilarazten zuen legez. Bi audio kanal zituen emisioak, erraza zen bi aukerak eskaintzea, baina ez, ez dadila entzun Espainian katalanik. Azken emaitza: 152 mila ikusle eskas eta % 0,9ko audientzia.

Nork berean egitea, baina, esperientzia interesgarria izan zen Euskal Herritik begira. Badakit ezin dela mimetismoz kopiatu, alderdirik euskaltzaleenak ere erdaldunen botoak behar dituela. Baina Euskal Herriko gune batzuetan ulermena ia unibertsala da edo laster izango da, eta bide berriak landu beharko dira (elkarrekin bilerak euskaraz egiten dituzten EH Bildu eta EAJko legebiltzarkideek publikoki ele bitan egiten dute, espainieraz ere korteren bat emateko, ausartago, jaun-andreok, mesedez).

Hizkuntzaren eztabaidan, telebistako futbol-programa batek Iñaki Williams «luze!» oihuka erakutsi du: euskara, aurkariak ez ulertzeko arma. «Espainiarrek uste dute eurena ez egiteko asmo ilunak ditugula beti», bota dit konplizitatez lagun katalanak. Eta ez naiz egia esatera ausartu. Williams jokalari ona eta sinbolo itzela da, ez Bilbo Handian soilik; 60ko hamarkadan ere jokatu zuen Athleticek rol hori Espainiatik etorritako milaka lagunen lehen euskal identifikazio gisa. Baina 1994an jaio eta euskalduntzea lortu ez duen gazte bakoitza gure hezkuntza sistemen porrotaren seinale ere bada, Bilbon zein Iruñean. «Luze» horrek oihartzuna izan du Espainian. Orain azken urratsa falta: Iñakik ez badaki, Nico Williamsek edo haren atzetik datorrenak euskaraz elkarrizketak ematea. Helduko da hori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.