Atlantida jaialdiko lanak Filminen ikusi ahal izango dira, bihar hasita

Plataformak abuztuaren 27ra arte izango ditu filmak katalogoan. Palman proiekzioak izango dira

Robert Fisk kazetariari buruzko dokumental bat ikusi ahalko da Filminen, ostiraletik aurrera. FILMIN.
urtzi urkizu
2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Europari eskainitako jaialdi bat da Atlantida, Internet bidezkoa bere hastapenetan, baina edizio fisikoaPalmako (Herrialde Katalanak) aretoetan ere berrasmatu dutena. Jaialdiaren hamargarren aldia bihar hasiko da, eta Hego Euskal Herrian Filmin plataformaren bitartez ikusi ahalko dira bertan ematen dituzten lanak—abuztuaren 27ra arte egongo dira katalogoan estreinatzen joango diren filmak, dokumentalak eta film laburrak—.

Lanen artean, izango da kazetaritzarekin lotura duenik ere: ostiralean, This is not a movie dokumentala proiektatuko dute Palman —egun berean izango dute eskura Filmineko harpidedunek—. Robert Fisk Erresuma Batuko kazetari horren inguruko dokumental bat da. 1976. urtetik, Ekialde Hurbilean berriemaile lanetan aritu da Fisk, eta inguruko herrien gatazken kontakizuna egin du. The Times-en hasi zen lehenbizi, eta The Independent-en jarraitu zuen gero. Osama Bin Laden Al-Qaedako buruzagia elkarrizketatu zuten kazetari bakanetako bat da. Sari gehien jaso duen berriemaile britaniarra da. This is not a movie dokumentala Torontoko zinema jaialdian estreinatu zuten, eta harrera beroa izan zuen.

Jaume Ripoll Filmineko sortzailea da Atlantida jaialdiko zuzendaria ere. Sare sozialetan, asteartean estreinatuko duten film bat nabarmendu du: The Painter and the Thief. Sundance jaialdian sari nagusia irabazi zuen, eta BBCko kritikariek urteko hiru pelikularik onenen artean sartu dute. Osloko galeria batean bi koadro lapurtzen dituztenean, Norvegiako autoritateek lapurrak identifikatuko dituzte. Baina artelanen arrastorik ez da geldituko.

Ripollek goraipatu duen beste film bat Surge thrillerra da. Epaimahaiaren saria jaso zuen Sundance jaialdian, eta Ben Whishaw aktore protagonista ere saritu zuten. Londresko aireportuan lan egiten duen gizon batek eromenezko abentura bat biziko du hiriko kaleetan, ustekabeko gertaera batzuen ostean.

'Vernon Subutex' telesaila

Filmineko ordezkariek azaldu dutenez, Atlantida jaialdian proiektatuko diren edukien %98 ikusi ahalko dira streaming bidezko plataforman. Salbuespenen artean, Vernon Subutex telesaila egongo da —Virginie Despentesen trilogian oinarritutakoa—: nahiz eta aurreneko bi atalak datorren igandean proiektatu Palmako areto batean, Filmineko harpidedunek udazkenera arte itxaron beharko dute telesail hori ikusteko. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Canal Plus katearen harpidedunek ikusteko aukera izan dute jada.

Bestalde, Atlantida jaialdiko eskaintzan, Last and First Men filma izango da ikusgai. Islandiako Johan Johansson musikariak zuzendu zuen: lana estreinatu eta gutxira, hil egin zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.