Realak eta Alavesek bolada txarra eten behar dute helburuak lortzeko

Gipuzkoarrek aurkari zuzen baten zelaian jokatuko dute: Vila-Realenean. Arabarrek Getafe hartuko dute , Mendizorrotzan

ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Konfinamenduak sasoiko tarterik gozoenean harrapatu zituen Reala eta Alaves. Bi taldeak bolada onean ziren. Gipuzkoarrak Txapeldunen Ligako postuetan ziren, joko ikusgarria eginez. Arabarrek, berriz, ondo bideratua zuten Lehen Mailan jarraitzeko helburua. Gauzak, ordea, goitik behera aldatu zaizkie. Lehia bueltatu zenetik, partida bakarra irabazi dute, eta, orain, Realari zaildu egin zaio Europa Ligara sailkatzeko aukera ere; Alavesek, haatik, bertan ditu jaitsiera postuak, eta asko sufritu beharko du hurrengo sasoian Lehen Mailan egoteko. Gaur hiru puntuak lortzeko beharrean dira biak, helburuak are gehiago ez korapilatzeko.

Biek 19:30ean jokatuko dute. Vila-realen zelaian ariko da Imanolen taldea. Bikain itzuli da kataluniako taldea lehiara. Jokatutuko zortzi partidetatik sei irabazi ditu, ikusgarri jokatuz. «Vila-real oso ondo ari da. Baina gure aukerak izan ditzakegu. Uste dut ez gaudela ginenetik hain urruti. Ez dugu puntu gehiago lortu gure esku zeuden hainbat gauza ez ditugulako ondo egin, eta ez zeudenetako asko ez direlako gure alde egon». Argi du zer egin beharko duten irabazteko: «Goian presio ona egin beharko dugu, gure gol aukerak baliatu, eta atzean sendo egon». Imanolek ez zuen jokalarien egoera fisikoaren inguruko argibiderik eman. Granadaren aurkako partidarekin alderatuta, Elustondo deialditik kanpo geratu da, min hartuta. Roberto Navarro zerrendan izango da estreinakoz. Vila-realek bi jokalari garrantzitsu faltako ditu: Gerard Moreno eta Iborra.

Alavesek etxean jokatuko du, eta Getafe izango du aurrean, Realarekin batera Europa Ligan sartzeko borrokan dauden taldeetako bat. Lopez Muñizen debuteko partidan, ostiralean, itxura ona eman zuen Alavesek Real Madrilen zelaian. Baina horrekin ez da nahikoa. Puntuak behar dituzte orain arabarrek. Gainera, banaka pilatu baino hobe du hirunaka bildu.

Muñizek nola jokatu behar duten azaldu zuen: «Ziurtasunez jokatu behar dugu. Partida oso fisikoa izango da, eta prest egon behar dugu». Taldeak nekatu samar amaitu zuen Real Madrilen aurkako lehia, baina ez da espero teknikariak aldaketa asko egitea hasierako hamaikakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.