ZUBIETAN DAGO GORABIDEA

Ostegunean urtebete bete zen Imanol Alguacilek Realaren gidaritza hartu zuenetik. Ordutik egundainoko balantzea positiboa da txuri-urdinentzat; 2019. urte hasierarekin bat, goraka hasi, eta pixkanaka hobera egin dute donostiarrek. Joan zen sasoian Europako atean geratu ostean, hura gainditzeko bidean dira.

Anoetako estadioa eraberritze lanak amaitu berritan. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Orain urtebeteko egoerarekin alderatuta, Realak poz gehiago du egun. Horretan eragin zuzena izan du Imanol Alguacilek. Orioko entrenatzaileak taldearen gidaritza hartu zuenetik, taldeak etenik gabeko bilakaera positiboa izan du.

Hala, bete egin da txuri-urdinen inguruan askok uste zutena:Zubietan bada Gorabiderik, eta ez da eraikin baten izena soilik. Ostegunean bete zen urtebete etxeko prestatzaileak Asier Garitanoren lekua hartu zuenetik. Aldi horretan ondo aritu da Reala. Datuei erreparatuta, talderik onenetan zazpigarrena litzateke, eta oso seinale ona da hori, kontuan izanik urtarrilaren lehenean jaitsieratik hiru puntura zegoela.

ITXURA HOBEA DU ORAIN
Ilunetik argira

Imanolek beheranzko norabidean hartu zuen Reala. Iazko San Tomas egunez Anoetan Alavesen aurka galdu eta bost egunera egin zen karguaren jabe, eta lehen egunetik bere zigilua ezartzeko xedez aritu da. Aurtengo lehen jardunaldian Santiago Bernabeun Real Madril menderatzeak izugarrizko hauspoa eman zion, eta, denboran aurrera, joko hobea egiten hasi zen.

Joan zen sasoiaren bigarren zatian aurrerako urrats garrantzitsua egin zuten txuri-urdinek, eta horri distira gehiago aterata ekin diote 2019-20 sasoiari, itxura bikaina hartzeraino.

BIZIA ETAERAGINKORRA
Imanol nola, taldea hala

Urtarriletik maiatza bitarte Realak egindako hobekuntzak badu erantzule argi bat: Imanol Alguacil. Prestatzaileak taldearengan irudikatu dubere izaera, eta bizia eta eraginkorra egin du taldea. Orain urtebete zuen trazaren guztiz aurkako itxura du orain. Zelaian azkar eta ondo aritzen saiatzen da Reala, baina, halakorik ezin duenetan, lanerako arropa jantzi eta puntuak nola hala zakuratzen saiatzen da. Argi du zein den egitekoa: soropilean eder aritu ezin denean ere, sailkapenerako irabaziak biltzea.

EUROPARAKO BIDEAN
Batezbesteko ona

Ekarri ditu fruituak eraginkortasun horrek. Txuri-urdinek bederatzigarren postuan amaitu zuten iragan sasoia. Hala, zazpi postu igo zituen bigarren itzulian, Imanol Alguacilen esanetara. Areago,Europa ligarako sailkatzetik puntu bakarrera geratu zen; azken partidan galdu egin zuen Espanyolen etxean, eta kataluniarrentzat izan zen saria.

Denboraldi honetan oso bestelakoa da egoera. Imanolen esanetara hasita sasoia, donostiarrak onenen artean daude lehendabiziko jardunalditik, eta, lehen itzulia amaitzear dela, bosgarren postuan daude, Txapeldunen Ligarako postuetatik puntu bakarrera. Hori du hastear den urterako erronka nagusia: sailkapenaren buruan mantendu eta datorren sasoian Europan lehiatzeko eskubidea eskuratzea.

ETXETIK KANPO, AISE
Donostiatik urrun, pagotxa

Etxetik kanpo hain maila onean aritzea da Realak aurten egin duen eraldaketaren adibide nagusietako bat, bereziki, abian den sasoian. Abuztutik abendu amaierara, hamar partida jokatuko ditu Donostiatik urrun, eta irabazi egin du haietatik bostetan. Mallorcaren, Espanyolen, Celtaren, Granadaren eta Osasunaren zelaietan. Hiru partida soilik galdu ditu Anoetatik urrun; Athleticen zelaian, Sevillarenean eta Real Madrilenean, eta Bilbon soilik ez zen izan aurkariari aurre egiteko gai. Valentziaren eta Valladoliden estadioetan, berriz, berdindu egin zuen. Etxetik kanpoko emaitza onek bermatu diote, hein handi batean, sailkapeneko goiko postuetan egotea; Sevillak soilik hobetzen ditu Realaren datuak.

HANDIENAK, ESTU
Anoetan, baleko

Realak estu hartu ditu 2019an Anoetatik igaro diren ahal ekonomiko handieneko taldeak: Real Madril, Bartzelona, eta Atletico Madril. Ez du balantze txarra osatu haien aurka; Atletico Madrilen aurka galdu egin zuen martxoan, baina ordutik ez du porrotik izan. Martxoan aise azpiratu zuen Real Madril (3-1), 2018-2019an etxean jokatutako azken partidan. Abian den sasoian, berriz, etxeko lehendabizikoan gozatu egin zuen Atleticoren aurka (2-0), eta balio handiko puntua eskuratu zuen Bartzelonaren aurka orain bi aste (2-2).

FIXTAKETEN GARRANTZIA
Asmatu du Olabek

Lehen urte erdian aurrez zuen taldearekin aritu ziren txuri-urdinak. Hobetu, hobetu zuten, baina behar zuten zerbait aurrerako jauzi hori betikotzeko. Hala, udan Roberto Olabek eta bere taldeak egindako lanak ahalbidetu du hori; lehen zegoena hobetzeko zenbait jokalari ekarri dituzte, eta erantzun ezin hobea eman dute.

Guztien gainetik, izen bat: Martin Odegaard. Norvegiarra Real Madrilek utzita etorri da bi sasoitarako, eta taldea bizkar hartuta ari da. Halaber, Alexander Isakek, Natxo Monrealek edo Cristian Portuk erakutsitako mailak koska bat gora igotzeko bidea eman dio Realari.

ZUBIETA, BETI ZUBIETA
Etxekoek hutsik ez

Kanpotik etorritakoen ekarpen garrantzitsua, halere, ez litzateke horren distiratsua izango etxekoen laguntzarik gabe. Sasoiko dago Zubieta, beste behin, eta 2019. urtea horren adibide izan da. Imanolek lau jokalariri eman dio lehen taldean debuta egiteko aukera: Aihen Muñozi, Roberto Lopezi, Martin Zubimendiri eta Alex Solari.

Alabaina, aurrez debuta egindako beste zenbait jokalari garrantzitsu izatera igaro dira Imanolekin. Besteak beste, Robin Le Normanden edo Ander Gebararen kasua da, Igor Zubeldia eta enparauak bazter utzi gabe. Horiek guztiek dute Imanolen konfiantza. Txanponaren beste aldean dago Ruben Pardo. Abuztutik hona, errioxarrak ez du minuturik jokatu ligan, eta behin bakarrik sartu da deialdian. Iragan igandean izan zen, Osasunaren aurkako partidan. Aulkian egon zen.

KOPAN, HOBETU BEHARRA
Lehengo lepotik burua

Espainiako Kopa da azken urtean Realak izandako orban bakarrenetakoa. Urtea joan, urtea etorri, txapelketa horretan lan txukunik egin ezinik segitzen dute txuri-urdinek, eta joan zen sasoia ere ez zen salbuespena izan. Betisek kaleratu zituen donostiarrak final zortzirenetan, etxean jokatutako itzulerako partidan.

Nolanahi ere, kopari garrantzi handia ematen diola adierazi du Imanolek, eta ikusi beharko da bere taldea zertarako gai den hastear den urtean. Orain artean kanporaketa bakarra jokatu dute, Becerril talde espainiarraren aurka. Aise gainditu zuten Hirugarren Mailako taldearen aurkakoa: 0-8 irabazi zuten. Halere, datozen asteetan helduko da txapelketaren mamia.

ANOETAREN BULTZADA
Hauspo berri bat dute

Orokorrean, esne mamitan dago Reala, eta klubaren hazkundean urrats garrantzitsu bat egin du aurten. Anoeta eraberritua estreinatu dute txuri-urdinek, eta bultzada handia da hori.

Etxeko partidetako ikusle kopurua izugarri hazi da Donostian. Estreinaldiko egunean ezarri zen lehendabiziko langa, (34.719 ikusle), eta zifra hori txiki utzi zuen orain gutxi Bartzelonaren aurka jokatutako neurketak (36. 639). Egun, 39.500 lagunentzako lekua dago Anoeta estadioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.