begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Presoen gogoak, kartzelako pelikulen sorburu

2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Duela hamar urte, Sarriren Kartzelako poemak berrargitaratu zutenean, Jose Luis Otamendi idazlea honela mintzo zen: «Ezer betiko ez dela onartuta ere, egingo nuke liburu honek guztizko gaurkotasuna duela, eta, beharbada, puska baterako biharkotasuna ere bai». Erran zuen ere askok buruz eta bihotzez ezaguturiko liburua «espetxeko euskal literaturaren tradizio aspaldikoan eta berriagoan txertatzen» dela.

Elkartu ziren horietako bat ere (ez bertsolaririk, ez musikaririk, ez idazlerik, ez argitaratzailerik) ez zen zinemarekin akordatu, nahiz eta denek aitortu Josebaren poemak herri honen «imajinarioaren parte bilakatu» direla.

Usu gertatzen da hori; pelikulekin ahazten da jendea literaturaz edo musikaz berba egiten duenean. Aspaldian ohitu ginen zeluloide jaleok. Dagoeneko, ahanztura horrek ez du minik ematen. Jada amorruak ez gaitu blai egiten, baina ez esan zaila ez denik imajinarik gabeko imajinarioa imajinatzea.

Kortaturen Sarri Sarri herri honen ereserkia bilakatu zela, nork ukatuko? Baina, zer litzateke erradikal guztion himno hori Youtuben 1.751.804 bisita izan dituen bideoa barik?

Ados. Akort. Bat gatoz, irudirik gabe ez da erraza herri baten iruditeria irudikatzea. Eta euskal zinema behin eta berriro bueltatzen da, preso egon denaren gogoa nola, han eta hemengo, atzoko, gaurko eta biharko kartzeletara. Ez baitago imajinarik gabeko imajinarioa imajinatzerik.

Hilaren 15erako, Gipuzkoako Oreretan Ozzinema Zineklubak Josu Martinez eta Txaber Larreategiren Caminho Longe programatu du, eta emanaldiaren aurreko aurkezpenean eta osteko solasaldian parte hartzeko gonbita Kristiane Etxaluzi luzatu.

Nire irudiko, dokumental ahaltsu honek Sarirren poemak sorrarazten duen imajinarioa betetzen du imajinez. Etxera itzultzear den Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiaren hausnarketak, begiratzeko moduak, Espainiako agintariei gutun ofizialak idazteko eta sinatzeko manerak nahikoak dira Sarriren poemak dioena burura, begietara, bihotzera ekartzeko.

Alfonsok, esaterako, beldurra dio aireportuko poliziak, segurtasun guardiek eta, are check-in-eko enplegatuak ere, igual, nork daki, egingo dioten galdera sinpleenari ere. Beldurra ere beste inori baino gehiago ez ote dioten begiratuko, haren pausoa sosegatua ez delako edo sosegatuegia delako. Edo bere maleta ohikoa baino handiagoa, usadiozkoa baino arinagoa. Kristianengan, kezka bertsua: hainbeste urteren ondoren, huts egingo al dio, orain, indarrak?

Oraindik karteldegian dirauen Non dago Mikel? harrigarrian, Jon Arretxek Paco Etxeberriari (baita bere buruari ere) egiten dizkion gogoetetan, marrazten eta osatzen duen Intxaurrondoko kuartelaren maketan eta bere begirada xuabe galduetan, Sarriren poemaren pertsonaiaren itzala antzematen duzu; aske utzi bazuten ere, herriak heroitzat hartu bazuen ere, haren bihotz barruan betirako kondenatu bat dago.

Pixkana-pixkanaka, geure imajinarioa imajinaz ari da osatzen, zaila baita irudirik gabeko iruditeria irudikatzea. Egin daiteke, bai. Zineman ezer ez baita ezinezkoa. Aitziber Olaskoagak Jo ta Ke bere filmerako nahi zituen irudiak ez zuen lortzerik izan. Baina zinemak eta kontatzeko grinak kolpaturik dagoenarentzat, oztoporik ez. Herrera de la Manchako kartzelara hurbildu zen, eta han, bakardadean, soinuak eta absentzia guztiak lagun, gure iruditerian leku izango duten eta kasik irudiak ez diren irudiaksortu.

Baina maiz kartzelara itzultzen dena ez da bakarrik presoaren gogoa. Presoa bera bueltatzen da. Memoriari atseden emateko. Edo besteena astintzeko. Ala ezinbesteko salaketa egiteko asmotan. Edo proguaren zirkulua itxi behar delako.

Donostian, hilaren 23an hasikoda giza eskubideen egoera (beti) malapartatua aztertzen duen zinema jaialdia. Ostegunean, 29an, Oier Aranzabalen, David Pallaresen eta Ritxi Lizartzaren Apaiz kartzela proiektatuko da. Francok eta bere esan eta desiretara ziren guztiek (apezpikuek zein militarrek) gogoko ez zituzten hainbat abade errebelderen Historia eta istorioak kontatzen dira bertan, Kote Camachoren marrazki gogor, basa, abil eta bizkorren laguntzaz.

Zamorako espetxera bueltatuko dira horietako apaiz batzuk, Amuriza barne. Orain grafitiek eta naturak hartuak diren horma horien artean zer gertatu zen, zer nozitu zuten, zeren kontra egin zuten borroka kontatu nahian. Kartzelara bueltatu ziren abadeak. Preso egon denaren gogoa bezala. Gaur kasik aterik ez duen kartzelan sartu ziren, euskaraz, katalanez, espainolez mintzo. Intsumisoak nola. Gogoan Bi urte, lau hilabete eta egun bat filma? Armada guztien kontra ziren horiek berriro hartu zuten kartzelarako bidea. Harro, eta, atzo bezala, errebelde bihar.

Bai, presoen gogoak, presoen memoriak, presoen gorputzek irudiz osaturiko iruditeria irudikatzen laguntzen digute. Atzo. Egun. Bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.