Ane Etxezarreta. Realeko jokalaria

«Gure ilusioa sasoia ahalik eta postu gorenean amaitzea da»

Denboraldia «ezberdina» izango dela dio Etxezarretak, eta taldean geratu direnek eta etorri direnek egoera berrira «egokitu» behar dutela gehitu du. Azken sasoia «gogorra» izan da atzelariarentzat.

MANIX DIAZ DE RADA/ REALA.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Realeko taldea goitik behera aldatu da: hamar jokalarik taldea utzi baitute. Ane Etxezarretak (Beasain, Gipuzkoa, 1995) uste du «bakoitzak bere arrazoiak izango zituela», eta «guztiz errespetagarriak» direla. Horretaz gain, jokalari horiek utzitako hutsunea betetzeaz aritu da atzelaria, eta azaldu du nola ikusten duen datorren denboraldia. Argi du zer den garrantzitsuena: «Talde giro polita sortzea».

Atseden hartzeko astia izango zenuen. Lehen Mailako beste taldeek baino geroago hasi duzue sasoi-aurrea.

Astebete geroago hasita, aste bat kentzen diozu denboraldi-aurreari, eta aste hori garrantzitsua izaten da. Baina berandu bukatu genuen joan den sasoia, eta ondo etorri zaigu burua pixka bat deskonektatzeko. Egia da sasoi-aurreko prestakuntza estuagoa izango dela, eta ikusi beharko da zer moduz moldatzen garen.

Lehenengo entrenamenduak gogorrak izaten ari dira?

Ez dira guztiz gogorrak izan; azkenean, lehenengo entrenamenduetan ezin duzu hasi maila altuarekin. Gu geure kontura entrenatzen gara, baina ez da berdina taldeko entrenamenduetako intentsitatea izatea edo norbera bere kaxa aritzea. Pixkanaka, progresiboki hasi behar da. Beraz, hasiera ez da izan guztiz gogorra; gorputza moldatzen hasteko estutu digute zertxobait; baina ez asko.

Nola ikusi duzu taldea?

Ondo. Azkenean, aldaketa asko egon dira uda honetan, eta taldekide berri asko daude. Etorri direnek pixkanaka Realaren dinamikan sartzen hasi behar dute, eta oraindik oso garaiz da esateko zer moduz dauden. Gogotsu etorri direla ez dago zalantzarik; duten guztia emateraetorri dira taldera. Lehenengo egunetan jendea ezagutzen hasten zara, eta gauzak apur bat arraroagoak izaten dira. Baina, printzipioz, jendea gogotsu ikusi dut, eta, momentuz, lehenengo egunetan hori da garrantzitsuena.

Etorri direnez aparte, Mirari Uriari lehen taldeko fitxa egin diote.

Mirarirentzat [Uria] garrantzitsua da gurekin pixkanaka entrenamenduetan aritzea; ikusteko zeinden lehenengo taldearen dinamika, eta ohituz joateko. Azken batean, intentsitatea dezente handiagoa izaten da, eta hori praktikatu egin behar da. Bestalde, garrantzitsua da gazteagoak direnek aukera horiek izatea; horrela, harrobikoak ilusionatuta eta motibatuta egongo dira.

Emaitzen aldetik, inoizko sasoirik hoberena izan da, baina hamar jokalarik taldea utzi dute. Zer gertatu da joan direnekin?

Hamar pertsona izanda, bakoitzak bere arrazoiak izango ditu klubetik joateko, eta, bata bestearekin alderatuta, seguruenik, arrazoi oso ezberdinak izango zituzten. Jokalari asko zeuden urte asko zeramatzatenak hemen, benetan klub honengatik borrokatu direnak... Baina, agian, ailegatzen da momentu bat non aldatzeko beharra daukazun, eta kito. Guztiz errespetagarria da. Azken batean, haiek bakarrik azal ditzakete joan izanaren arrazoiak. Hoberena opa diegu, eta ea zoriontsu izaten diren beste taldeetan.

Deigarria izan zenetxeko zenbait jokalarik Reala uztea.

Bai, urte asko zeramatzatenekaskoz ere zailagoa izan dute erabaki hori hartzea. Baina bakoitzak bere arrazoiak ditu; arrazoi horiek pisutsuak izango ziren, eta balorazio baten ondorioz erabaki hori hartu zuten. Azken finean, zoriontasuna da errendimendurako gakoa.

Asko lagunak izango ziren...

Bai, noski. Harremana egiten duzu; batzuekin gehiago beste batzuekin baino, eta harreman horrek, gerora, irauten du. Zelaietan ikusiko dugu elkar, eta ez dugu guztiz haien arrastoa galduko.

Nola ikusten duzu denboraldia?

Oraindik oso goiz da balorazio bat egiteko. Aldaketa handia izan da, eta hemen gelditu garenek, eta baita etorri direnek ere, egokitu beharra daukagu egoera berri honetara. Denboraldi ezberdina da, eta, pixkanaka talde giro polita sortzen badugu, horrek asko lagunduko digu. Prozesuak hor hasi beharko luke, eta, gero, balorazioak pixka bat aurreraxeago egiten hasi beharko genuke.

Zein da helburua?

Pixkanaka ikusiko dugu. Gure ilusioa da denboraldia ahalik eta postu gorenean amaitzea, eta hori ez dugu inoiz galduko.

Kapitainetako bat izateko aukerak izango dituzu. Zer litzateke zuretzat kapitain izatea?

Ez dakit izango naizen edo ez; hori ez dugu jakingo denok ezagutu arte. Oraintxe bertan, hori ez da garrantzitsuena. Egia da Iraiak, nik eta beste batzuek, denbora dezente daramagula Realean; kluba eta klubaren dinamikak hobeto ezagutzen ditugu, eta errazagoa izango litzateke gu kapitain izatea. Baina kapitainena oraindik zehazteke dago, eta ez da nire lehenengo helburua, inondik ere. Hala ere, tokatuko balitzait, harrotasuna sentituko nuke. Ez dut horretan pentsatu nahi; lan asko dago egiteko taldean, eta nik taldeari lagundu nahi diot, giro ona sortzeko. Hortik aurrera, ikusiko da.

Joan den sasoian inoiz baino minutu gutxiago jokatu zenituen.

Bai, ez nuen aukera handirik izan, eta Nataliak [Arroyo, entrenatzailea] beste jokalari batzuengan jarri zuen konfiantza. Alde horretatik, denboraldi gogorra izan zen, baina neure buruarekin oso pozik nago. Momentu zailetan jokatzea egokitu zitzaidan, eta ez nuen jarraitutasuna izateko aukerarik eduki. Azken finean, futbolari batek jarraitutasuna behar du konfiantza hori lortzeko, eta ez nuen askotan eduki. Hala eta guztiz ere, aurrera ateratzen nituen partidak, eta oso pozik nago joan den urtean eginiko sasoiarekin. Penaz geratu naiz, ez zidatelako eman nik nahi adina aukera jokatzeko, baina gertatzen diren gauzak dira. Ea datorren sasoia zer moduz hasten den.

Atzeko lerroan edo euskarri moduan jokatu izan duzu. Non aritzen zara erosoago?

Hasieran, erdilari moduan iritsi nintzen, eta pixkanaka atzeraka joan naiz. Egia esan, asko gustatzen zait atzean jokatzea. Gaur-gaurkoz, erdilari moduan jokatzea baino gehiago gustatzen zait atzelari moduan aritzea.

Zer eskatzen dizu Natalia Arroyo entrenatzaileak?

Baloia izatea gustatzen zaio Nataliari. Askotan baloiak kanpora botatzea ez ezik, baloia mantentzen jakitea eta joko konbinatu baten bitartez gol aukerak sortzea eskatzen digu. Eta hori dena atzetik hasten da.

Jokatzeko modu horretan eroso sentitzen zara?

Baloia jokatzen ateratzea ez da izan nire indarguneetako bat, baina asko hobetu dut. Geroz eta gusturago sentitzen naiz, eta horretan nabil.

Ligako beste taldeak asko aldatu dira?

Denboraldi batetik bestera, ligako maila asko igotzen da; batez ere, intentsitatea. Garrantzitsua izango da partidaz partida guk daukagun guztia ematea. Ikusi beharko da beste taldeek zein aldaketa izan dituzten, eta nola egokitu diren.

2022ra arte duzu kontratua. Jarraitzeko asmoa duzu?

Oraindik oso goiz da kontratua berrituko ote dudan ala ez hitz egiteko, batez ere klubaren eskaintzari dagokionez. Ikusi beharko da zer moduz doan denboraldia. Reala nire etxea bezalakoa da, eta etxean gustura egoten naiz. Nik nahi dudana da pozik egotea eta gozatzea. Aurreko denboraldia zaila egin zitzaidan, eta ea datorren denboraldia hobeagoa izaten den.

Euskal Selekzioak ezezkoa jaso du ofizialtasuna lortzeko bidean. Zer iruditzen zaizu?

Kristoren ilusioa sentituko nuke selekzioa ofiziala izango balitz, baina badakigu zaila dela. Eskaerak egiten dituztenek ikusten badute gauza gehiagotan lan egin daitekeela, jarrai dezatela, eta, egunen batean lortuko balitz, ederra litzateke.

Liga profesionala izango da datorren sasoian. Zer esan nahi du horrek?

Baldintzak asko aldatu beharko lirateke, benetan profesionala izango dela sinesteko. Aldaketak ikusi behar ditugu. Guretzat garrantzitsua da gure baldintzak hobetuz joatea: bai zelaienak, bai bidaienak, baita ekonomikoak ere. Azkenean, horrek esan nahiko du liga profesional bat bihurtzea. Liga hasten denean ikusiko dugu zer geratzen den, baina, ematen duenez, atzera bota dute zelai naturaletan jokatzeko proposamena. Guri hitzek ez digute balio: esaten dituzten hitzak benetan betetzeak balio digu. Oraingoz, ez dugu aldaketarik sumatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.