FABORITOAK

2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Tadej Pogacar (UAE. Eslovenia. 1998)
Azken bi ekitaldietan nagusitu da. Sasoi bikaina egiten ari da: Arabiar Emirerri Batuetako eta Esloveniako itzuliak, Tirreno-Adriatikoa eta Strade Bianche irabazi ditu. Sasoi ona eta arlo guztietan duen gaitasuna baliatu nahi ditu hirugarrenez jarraian irabazteko.

Primoz Roglic (Jumbo. Eslovenia. 1989)
Primoz Roglic da Pogacarren aurkari nagusia. Duela bi urte, azken etapan jokatutako erlojupekoan kendu zion Pogacarrek maillot horia. Iaz, berriz, erretiratu egin behar izan zuen eroriko baten ondorioz. Aurten, lesioa izan zuen denboraldi hasieran, baina sendo iritsi da Tourrera, Dauphineko Kriteriuma irabazi eta gero.

Jonas Vingegaard (Jumbo. Danimarka. 1996)
Txirrindulari danimarkarrak etxean hasiko du lasterketa. Iaz, Parisen bigarren postua eskuratu zuen, eta aurten bigarren egin du Tirreno-Adriatikoan eta Dauphineko Kriteriumean. Jumbok, bi lider izateaz gain, talde indartsuena dauka, eta hori baliatu nahiko du Pogacar menperatzeko.

Aleksandr Vlasov (Bora. Errusia. 1996)
Borak txirrindulari errusiarrarengan jarri du esperantza aurten. 25 urteko txirrindulariak lehenengo aukera izango du itzuli handi batean taldeburu izateko. Valentziako Volta eta Erromandiako Itzulia irabazi ditu, eta hirugarren izan da Euskal Herriko Itzulian. COVID-19a pasatu berri du; beraz, ikusteko dago indarberritu den.

Daniel Felipe Martinez (Ineos. Kolonbia. 1996)
Ineos taldeak hiru liderren aldeko apustua egin du aurtengo Tourrerako: Daniel Felipe Martinez, Geraint Thomas eta Adam Yates. Hain zuzen, estrategia baliatu nahiko dute Pogacarri min egiteko. Martinezek Euskal Herriko Itzulia irabazi du aurten. Hirugarrenez ariko da Tourrean, eta, itxuraz, sasoi onean helduko dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.