Getafe 2-2 Alaves

Erraztasun guztiak aski ez direnean

Alaves ez da gai izan Getaferi irabazteko, jokalari bat gehiagorekin aritu eta bi aldiz aurretik izan arren. Unal, amesgaizto hutsa

Tenaglia aurkari baten gainetik pasatzen, atzo Getafen Alavesek jokatu zuen partidan. FERNANDO ALVARADO / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Getafe. Soria; Damian (Oscar, 62. min), Djene, Mitrovic, Cuenca, Olivera; Arambarri, Maksimovic, Aleña (Iglesias, 70. min); Unal (Mata, 93. min) eta Sandro (Mayoral, 62.min).
Alaves. Pacheco; Tenaglia, Laguardia, Lejeune, Duarte; Pina (Pons, 90. min), Loum (Pellistri, 84. min), Escalante; Edgar (Vallejo, 71. min), Rioja eta Joselu.
Golak. 0-1: Escalantek (47. min). 1-1: Unalek (54. min). 1-2: Edgarrek (56. min). 2-2: Unalek (71. min).Epailea. Jaime Latre. Txartel horiak Getafeko Damiani eta Aleñari eta Alaveseko Loumi, Edgarri, Laguardiari eta Escalanteri. Txartel gorria Getafeko Cuencari (32.min). Bestelakoak. 7.720 Alfonso Perez estadioan.

Dena alde izanagatik, garaipenak alde egin zion Alavesi Getaferen zelaian. Ordubetez aurkariak baino jokalari bat gehiago izan zuen, eta bi aldiz jarri zen aurretik markagailuan. Itxura batean, nahikoa abantaila da hori futbol partida bat irabazteko. Atzokoa, gainera, ez zen edozein partida, Arabako taldeak asko zuelako jokoan: galduz gero, galbidean gal zitekeen, baina irabazita, bide onera itzultzeko trena har zezakeen. Txartela eskuetan zeukan, Cuencak 32.minutuan txartel gorria ikusi ostean, baina Unalek ez zion geltokira iristen utzi. Makilatxo magikoak ukituta zegoen Getafeko aurrelaria, eta ezerezean utzi zituen Escalantek eta Edgarrek sartutako golak, bi artelanekin. Nahikoa lan du Alavesek irabazteko, batik bat etxetik at, eta horren erakusgarri gorena izan zen atzoko norgehiagoka.

Konfiantzazko hamaikakoa zelairatu zuen Mendilibarrek. Laguardiaren itzuleraz aparte, berritasun bakarra izan zen: Edgarrek Jasonen ordez jokatu zuen zelai-erdiko eskuin hegalean. Azken bi partidetan emandako itxura onaren bermea zuen taldeak. Haatik, indarge ekin zion partidari, Getafek ez bezala. Hasi orduko gogor oldartu ziren etxekoak, eta erauntsiari doi-doi eutsi zioten arabarrek. Barkatu egin zituen Getafek: lehenik, Maksimovicek oker errematatu zuen buruz, bakar-bakarrik zegoen arren; eta geroago, Sandrok area barruan jaurtitzeko aukera kendu zion Olivera taldekideari, Damianek eskuinetik barneraldi sakona egin eta atzerantz intentzio maltzurrez erdiratu ondoren.

Neurketaren atarikoan, presioa goian egin eta aurkariaren zelaian jokatzeko nahia erakutsi zuen Mendilibarrek. Taldea ez zen gai izan teknikariaren gidalerroei men egiteko, baina, bederen, sendotu egin zen lehen ordu laurdena igarota. Orekatzera egin zuen partidak, eta Getaferen ate ingurura hurbiltzen hasi zen Alaves, geldikako jokaldien bidez. Hain zuzen ere, korner baten ondoren gola sartu zuen Lejeunek, baina baliorik gabea izan zen, frantziarra jokoz kanpo zegoelako. Neurketa arabarren aldeko joera ari zen hartzen, eta 32. minututik aurrera jokalari bat gehiagorekin jokatu zuten. Cuencak iltzeak sartu zizkion Edgarri, eta VARaren deia jaso ostean, Jaime Latrek zelaitik kanporatu zuen Getafeko atzelaria.

Itxura batean abantaila zena lasta bihur zitekeen, Alaves arriskuak behar baino lehenago hartzen hasten bazen. Ez zen itsutu, ordea. Hobe zen aurkaria pixkanaka higatu, eta kolpea une egokian eman. Atsedenaren atarian, esate baterako. Hala gertatu zen, suspense eta guzti. Escalantek bikain baliatu zuen Duarteren erdiraketa neurtua, bigarren lerrotik arean sartu eta buruz baloia sareetara bidalita. Argentinarra jokoz kanpo zegoela iritzi zion epaileak hasiera batean, baina haren erabakia zuzendu zuten VARean. «Zorioneko bideo-epailea», pentsako zuten Alavesen zaleek.

Eromenaren erdian, Unal

Zorigaitza, berriz, Unalek ekarri zien. Partida erotu egin zen bigarren zatian, eta turkiarrak zoramena piztu zuen harmailetan, fantasiazko bi golekin. Lehena 54. minutuan sartu zuen, korner batean. Zailtasun handiko burukada batekin gainditu zuen Pacheco. Alavesen erantzuna berehalakoa izan zen, hurrengo jokaldian 1-2koa egin baitzuen Edgarrek, berriz ere Duarteren erdiraketa zehatz bat baliatuz. Gero barkatu egin zuen Joseluk. Eta halako batean, ezerezetik urrea atera zuen Unalek, hegaletik egindako sasi erdiraketa batekin. Sasitan katigatuta jarraitzen du Alavesek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.