Musika. Capsula 'Bestiarium'

Basati bezain ilun

Diskoetxea: Gaztelupeko Hotsak.

2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Euskal eta argentinar jatorriko Capsula taldeak banda perfektu baten irudi diren hainbat elementu elkartzen ditu: soinu-identitate erabat identifikagarria, agertokirako eraso bakoitzean bokazio su-emailea, eta lan bakoitzean eskaintzen duen zapore bereizgarria, profil ezaguterraz hori mantenduz. Martin Guevararen eta Coni Duchessen izenetan pertsonifikatutako bi buruko garun batek zuzenduriko pilaketa bat.

Diskografia osoan zehar ez da izan epel utzi gaituen lanik; bada, Bestiarium honekin ere gauza bera gertatuko zaigu; gainera, erakargarritasuna bere osotasunean biltzen duen kalitate oparoko disko batekin. Tituluak berak dioen moduan, munstro eta elezahar mitologikoetan dauka oinarria, baina gaur egunera ekarriz, eta gizakiak beti izan dituen kezka eta beldurren isla bihurtuz.

Gai horren inguruko lan batek ezingo luke hirukote honen soinua baino hoberik aurkitu; The Stooges eta David Bowieren aurpegi iradokitzaileenak beti presente izanagatik ere, garage doinuak nagusi izaten baitituzte. Oraingoan, gainera, soinu gordin hori zipriztin gotikoagoekin busti dituzte, Bauhaus, Killing Joke, The Fall eta halako taldeen arrastoari ere jarraitu diotela erakutsaraziz. Psikodeliaz margoturiko gitarra zorrozdun post-punk abestia da Biform, lana irekitzeaz arduratzen dena. Arabiar jatorria duten doinuek zipriztintzen dituzte Siren's Lips eta Dry Your Mind ere, baina lehen aipaturiko gordintasun horrekin nahastuz, irudi misteriotsu bat erakusteko. Aldiz, rock-and-roll purua nabari da Red Moon Falls-en. Parametro horien artean mugitzen dira The Lords of the New Church taldearen Russian Roulette abestiaren bertsioan ere, errepertorioan era natural eta logikoan sartzen dena. Eta norbaitek taldearen alderik basatienaren inguruko dudarik izango balu, hori ezabatzeko datorkigu Sphinx, punk zartada bezala aurkezten diguten abesti itsaskorra.

Pentsa liteke badaudela ere agresibitate nagusi horretatik kanpo nabarmentzeko asmoa duten kantuak ere, baina lanaren osotasunean ageri zaigun giro sarkorra alde batera utzi gabe. Horregatik, abiadura moteltzea dute helburu neurri batean, eta beste detaile txikiago batzuei eman diete garrantzia Dead Summer-en, Around-en eta Cry With You-n. Hain zorrotzak ez diren piezak, baina gizakiak betidanik buruan izan dituen galderen inguruko mito eta alegien isla diruditen abestiak dira, larritasun existentziala transmititzen dutenak, deabru formakoak, jotzean bizigarriak eta hausnarketara eramaten dutenak.

Bortitzak bezain gogoetagarriak, Bestiarium hau osatzen dituzten hamabi abestiak, azkarrak bezain laburrak guztiak —hiru minututik gorako kantak hiru bakarrik dira— eta inor epel utziko ez dituztenak. Zuzenekoetan duten indar basatia ez dela taula gaineko kontua bakarrik erakusten duen lana da hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.