Fikzioak Atresplayer Premium plataforman, Antena3en aurretik

'Toy Boy' telesaila estreinatuko dute gaur ordainpeko atarian. Striper batzuk dira protagonistak

Toy Boy telesail berriko aktore protagonistak Gasteizko FesTVal jaialdian, herenegun. FESTVAL.
urtzi urkizu
2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Ordainpeko plataformen fenomenoa puri-purian dago, eta Atresmedia taldeak pauso garrantzitsu bat eman du sektore horretan lehiatzeko: Atresplayer Premium ordainpeko plataforma indartu du, eta, hemendik aurrera, hainbat eduki estreinatuko ditu, irekian eman aurretik. Harpidetzaren kostua hilean hiru euro da. Gaur bertan, plataforma horretako harpidedunek Toy Boy telesaila ikusi ahalko dute, beste inork baino lehenago, iragarkirik gabe. Igandero jarriko dute atal berri bat. Eta Antena3ek aurrerago emango ditu, irekian.

Thriller erotiko bat da Toy Boy. Pertsonaia protagonistak Eguzkiaren Kostako (Malaga, Espainia) striper batzuk dira. Iñaki Merceroren eta Javier Quintasen zuzendaritzapean arituko dira Jesus Mosquera, Cristina Castaño eta Maria Pedraza aktoreak. Baita Pedro Casablanc, Maria Pujalte, Elisa Matilla eta Alex Gadea ere.

Sortzaile eta ekoizleak Cesar Benitez, Juan Carlos Cueto eta Rocio Martinez dira. Fikzioa Plano a Plano ekoiztetxearena da (Allí abajo).

Gasteizko FesTVal jaialdian aurkeztu zuten herenegun Toy Boy. Benitezek esan zuen proiektu «oso pertsonala» dela: «Rolen aldaketa bat dago istorioan: normalean, gizonek jokatzen dituzten pertsonaiak emakumezkoek jokatzen dituzte, eta alderantziz». Emakumeek izango dute boterea, eta gizonak «objektu gisa» azalduko dira. Telesailean, maitasunaz, adiskidetasunaz eta botereaz hitz egiten dela iragarri du ekoizleak.

'El nudo', 'Veneno'...

Atresplayer Premium ordainpeko plataforman estreinatuko dute El nudo telesaila ere. Gasteizen egin dute aurkezpena asteon, baina ez dute zehaztu estreinaldi eguna. Argentinako Amar después de amar fikzioaren egokitzapen bat da, eta bi bikoteren istorioa kontatzen du: patuaren biktima dira guztiak, eta debekatutako maitasun bat bizi izateko gurutzatuko dira. Aktore protagonistak Natalia Verbeke, Cristina Plazas, Miquel Fernandez eta Oriol Tarrason dira. Zuzendaria, berriz, Jordi Frades da —iaz La catedral del mar zuzendu zuen Atresmediarentzat, eta, aurretik, TVErentzat Isabel eta 14 de abril. La República zuzendu zituen—. Iragarri duenez, thriller arin bat izango da. «Ikuslea hunkitu egingo da, sufritu egingo du, eta, tarteka, barre ere egingo du», gaineratu du.

Ordainpeko plataformak egun gutxi barru estreinatuko du, halaber, Veneno saioa. Cristina Ortiz La Veneno-ri buruzko biopic bat izango da. Ortiz prostituta, modeloa eta Esta noche cruzamos el Mississipi saioko izarretako bat izan zen. Javier Ambrossik eta Javier Calvok —Paquita Salas-en egileak— zuzenduko dute telesail hori. Cuatro bodas y un funeral komedia erromantikoa ere jarriko du plataformak, irekian eman aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.