Euskal hedabideek saio bateratua egingo dute, herriko bozen gainean

Elkarlanean arituko dira BERRIA, 'Hitza', 'Herria', Kazeta, Euskal Irratiak eta Kanaldude, 19:30ean

Herriko bozak egingo dituzte gaur Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
urtzi urkizu
2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Herriko bozen lehen igandea dute gaur Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta euskarazko komunikabide ugari batera eta elkarlanean arituko dira. Zuzeneko telebista saio bat egingo dute, 19:30ean hasita. Horretarako, plato bat prestatu dute Uztaritzen (Lapurdi).

Bozen inguruko xehetasun guztiak emateko, elkarlanean arituko dira BERRIA, Iparraldeko Hitza, Euskal Irratiak, Kanaldude, Herria eta Kazeta.eus. Hainbat herritan egongo dira kazetariak giroaren berri ematen, eta, emaitzak jakin bezain laster, hartzaileei azalduko dizkiete.

Ondorengo herriko etxeetatik eginen dituzte konexioak: Baiona, Maule, Donibane Lohizune (Lapurdi), Ziburu (Lapurdi), Hendaia (Lapurdi), Donapaleu (Nafarroa Beherea), Itsasu (Lapurdi) eta Hazparne (Lapurdi). Beste herri askotan ere egongo dira kazetariak, tokian-tokian gertatzen denaren berri emateko.

Gauaren bigarren partean, gonbidatuak izango dituzte platoan, emaitzen analisia egiteko. Era berean, zenbait hautagai egongo dira platoan balorazioak egiteko.

Euskarazko komunikabide horien webguneetan ikusi ahalko da emankizuna. Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta Nafarroan Hamaika telebistaren LTDko eta kable bidezko emankizunean ere ikusi ahalko da programa.

Orotara, aipatutako komunikabide horietako 30 kazetari eta teknikari baino gehiago arituko dira lanean saioa egiteko. Sare sozialetan, #herrikobozak2020 eta #euskalhedabideak traolak erabiliko dituzte.

Jarraipen berezia BERRIAn

BERRIA eta Ipar Euskal Herriko Hitza astekariko kazetariek, halaber, hauteskundeen ondorioen berri emango dute zuzenean gaualdi osoan. Hiru kazetari ariko dira Baionako ordezkaritzako bulegoetan Berria.eus eta Iparraldekohitza.eus atarietarako idazten. Gainera, Berria, Hitza, Euskal Irratiak, Kanaldude eta Herria hedabideen arteko elkarlanari esker, horietako bakoitzaren webgunetan emaitzak xehe-xehe ikusten ahalko dira, itxuratzeko lan bereziari esker. «Emaitzak grafiko eta taulen bidez» emanen direla zehaztu du Pello Urzelaik, BERRIAko IKT arduradunak. «Herriz herri kontsultatu ahal izango dira emaitzak, oso modu xehean. Horrez gain, herri garrantzitsu batzuen emaitzak nabarmenduko dira». Emaitzetan, boz kopuruak, hautetsi kopuruak, lehen itzulian aukeratutakoak, bigarren itzulira pasatzen direnak eta hautetsien izenak agertuko dira, baita Euskal Elkargorako ordezkarien izenak ere.

Grafiko, taula eta gasnetan ez ezik, Ipar Euskal Herriko mapa batean ere geolokalizatzen ahalko dira datuak. Mapa bisualizazio osagarri bat izango da. Batetik, erakutsiko du non aldatu den auzapeza aurreko agintaldiarekin alderatuta. Bestetik, edozein herri izenetan klikatuz, herri horretako emaitzak eskainiko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.