Dani Garcia. Athleticeko jokalaria

«Gogoari eta ilusioari dagokienez, gu gara irabazteko faborito»

Espainiako Superkopako finalean Bartzelona arerio «zaila» izango dela uste du Dani Garciak, baina Zumarragakoa prest da Athleticekin lehendabiziko garaikurra irabazteko.

ATHLETIC.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ostiral eguerdian heldu zen Atleticen espedizioa Sevillara (Espainia). Orduz geroztik, gaur iluntzean jokatuko duten partida prestatzen ari dira zuri-gorriak. Haien artean da Dani Garcia (Zumarraga, Gipuzkoa, 1992). Bartzelona garaitzeko «gauzak ondo» egin beharko dituztela uste du erdilari gipuzkoarrak.

Espainiako Superkopako finala jokatuko duzu gaur Athleticekin. Garaikur baten lehian aritzea beti da ona, ezta?

Noski. Sasoia hasi genuenean, helburu batzuk finkatu genituen, eta hau zen horietako bat. Finalera heltzea lortu dugu, eta orain irabaztea dugu xede.

Ostegunean Real Madril kaleratu zenuten. Epaileak amaiera adierazi zuenean poztasun eztanda bat izan zen zuen inguruan.

Halako taldeen aurka aritzen zarenean, badakizu edonoiz susperraldia izan dezaketela. Oso onak dira, eta, hain aukera gutxi egonda, gure onerako hitz egiten du horrek. Zaleek sufritu zuten, eta guk, gehiago.

Sevillan zaudete ostiralaz geroztik. Nola kudeatzen dituzue kirol arlotik kanpora dauden orduak?

Kartetan jokatzen dugu, asko. Zortzi-bederatzi lagun elkartzen gara, musean eta halakoetan aritzeko. Niri ez zait siestarik egitea gustatzen: Play Station-ean, kartekin, edo telesailekin igarotzen dut denbora. Elkarrekin asko egoten gara, eta ordu horiek arintzea lortzen dugu.

Nola definituko zenuke finalaren atarian duzuen aldartea?

Finalerdietan Real Madril kanporatu eta finalaren atarian egonda, imajina dezakezu nola gauden. Halako egoerak gutxitan biziko ditugu gure kirol bizitzan, eta Superkopako finala jokatzea, eta, lortuz gero, irabaztea, gure gogoan geratuko dira betirako. Horregatik, amorratzen gaude partidako ordua heltzeko.

Irrika al da hori ondoen adierazten duen hitza?

Bai, bai. Ostegunean irrika handiko Athletic bat ikusi zen; lehen zati bikaina egin genuen. Gerokoa, normala da: Real Madril zegoen aurrean. [Espainiako] liga asko irabazi ditu, eta Europako garaikur asko ere bai. Estutu gintuzten, baina normala da.

Hala ere, partida osoa jokatu zenuten ostegunean. Zeintzuk izan ziren garaipenerako gakoak?

Batez ere, haiei aukerarik egiten ez uztea. Gero, baloia genueneannortasunez jokatu genuen, erasora egin eta arriskua sortzeko. Uste dut hori lehen zatian gertatu zela, eta gako izan zela.

Sufritzeko uneetan lanerako arropa jantzi al zuen taldeak?

Agerikoa da baietz. Bagenekien halako uneak izango genituela. Ez da harrotzeagatik, baina atzean ondo aritzen gara. Hori da gure indargunea: sufrituta ere, banuen lasaitasun pixka bat.

Lasaitasunak lasaitasun, une estuak ere izan zenituzten amaiera aldera. Nola bizitu zenituen?

Bereziki, VARa dela eta epaileak jokoa geratu zuenetan bizi izan genituen estutasunak. Gainontzean, nahikoa lan izaten dugu kontzentrazioa mantentzen.

Zer pentsatu zenuen 96. minutuan epaileak VARa begiratzera egin zuenean, Real Madrilen aldeko penaltia adierazi ala ez erabakitzeko?

Lehendabizi, [Unai] Nuñezi galdetu nion zer gertatu zen. Hark esan zidan ez zuela eskuz ukitu, eta erabateko konfiantza nuen. Baina jabetu nintzen epaileak denbora asko zeramala jokaldia aztertzen, eta ez nekien zer adieraziko zuen. Jainkoari eskerrak, ez zuen ezer adierazi.

Athleticek ostegunean egindako lehen zatia sasoiko onena izan al zen?

Ez. Partida onak egin izan ditugu, baina Real Madrilen aurkako finalerdia izanda, oihartzun gehiago izan du. Uste dut urtean zehar partida onak egin ditugula, eta erregulartasuna bilatu behar dugula.

Kontuak kontu, finalera heldu zarete, eta Bartzelona izango duzue arerio. Nolako partida espero duzu?

Argi dago haiek direla irabazteko faborito, zer esanik ez [Lionel] Messik jokatzen badu. Baina gogoei eta ilusioari dagokienez, gu gara faboritoak. Dena emango dugu zelaian, eta ea irabaztea lortzen dugun.

Bartzelona larri aritu zen sailkatzeko, sufritu egin baitzuen Realaren aurka. Aurrekari bat izan al liteke?

Ez dut uste. Realak izugarrizko partida egin zuen; neurketa fisikoa izan zen, eta aukerak bi aldeetan egon ziren, baina ez die kalterik egingo.

Zertan asmatu beharko du Athleticek garaikurra lortu ahal izateko?

Halako taldeen aurka, atzean sendo aritzea, eta erasoan dituzun aukerak aprobetxatzea dira gakoa. Defentsan ondo moldatzen gara, baina haiek erasoan unerik onenean daude. Dena eman beharko du taldeak.

Bartzelona dena irabazteko hautagai izan ohi da, baina finaletan bestelako faktoreek ere zeresana dute.

Lehen esan dizut: guk gutxitan jokatuko ditugu halakoak, eta ilusioa eta gogoa handiagoak izango dira. Zelaian erakutsi behar dugu hori. Baloia abian jartzean ere asmatu beharko dugu, ordea.

Athleticek final bat irabazi zion Bartzelonari, orain bost urte. Ordukoaren oihartzunik heldu al zaizue?

Beti oroitzen dira halakoak. Atzo, [hoteleko] gela batean egon ginen batzuk, partida haien laburpena ikusten. Gure unea dela uste dut, eta orain bost urtekoaz oroitzen diren moduan, ea gaurkoaz oroitzen garen etorkizunean.

Pixkanaka, ari al da Marcelino [Garcia Toral, entrenatzailea] bere zigilua ezartzen?

Tira, estiloa aldatzea ezinezkoa da aste pare batean, Gaizkarekin [Garitano, prestatzaile ohia] bi urte eta erdian hartu genituen automatismoak ondo gogoan ditugulako. Halere, esaten digu baloiarekin ausartago izateko, barrutik jokatzeko; Gaizkarekin ezberdina zen. Entrenatzaile bakoitzak bere kaiera du.

Finalerako sailkatu berritan, jokalari askok eta Marcelinok berak Garitanorentzat laudorioak izan zenituzten. Harena ere bada lorpenaren zati bat, ezta?

Zatia? Asko, guztia ez esateagatik. Ostegunean egindakoa iaz egin genuenari esker izan zen. Haren eskutik egin genuen. Haren agurrean esan nuen eran, ziur naiz etorkizunean jendeak Gaizkak egindakoa baloratuko duela. Ziur naiz poztu zela. Uste dut bere unean errespetua galdu zitzaiola, etxekoa denean, euskalduna, eta lan izugarria egin duenean guregatik eta Athleticengatik. Hori da niretzat pena: giroan, oro har, izan duen errespetu falta.

Lortuz gero, estreinako titulua zenuke Athleticen elastikoarekin. Zer esanahi luke horrek zuretzat?

Niretzat, urrats zaila izan zen Eibar uztea Athleticera joateko, baina halako norgehiagokak jokatzeagatik egin nuen. Eadugun; askoren memorian gordeko da. Lehen Mailan luzaz jokatu arren, halakoak oroitzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.