Musika. FKA Twigs 'Magdalene'

Mina musikatuz

Diskoetxea: Young Turks.

2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Udazkeneko uzta oparotik oraindik deskubritzen ari garen disko ugari gelditzen zaizkigu, eta FKA Twigs-en Magdalene da duela gutxi entzuten hasi naizen horietako bat. Duela bost urte argitaratu zuen lehenengo LP haren ondorengo hau «haustura album» bezala azaldu da, maitasun istorio baten amaieraren eta musikariak berak izan duen gaixotasun baten ondorioz sortutakoa, baina hori baino askoz gehiago dela iruditzen zait, egiturarik gabeko abesti mingarriz, aldakorrez eta era berean gogoangarri, konplexu eta apartez osatua baitago.

Diskoari Thousand days delikatuarekin ematen dio hasiera, tonu misteriotsua mantenduz, distortsio bortitz bateraino iritsi arte. Egia esan, lan guztian zehar nabari daiteke aldaketa hori, perkusio industrialak, ia zentzurik ez duela, azaltzen direnean, kasu batera; baita ahotsean ere, orain tonu izugarri altuan abestuz, orain xuxurlaka ari delarik, Tahliah Barnett musikariak aurreko lanean ere erabili dituen errekurtsoak mantenduz, entzuleari estutasun eta hauskortasun sentsazioak transmitituz, batzuetan gogaitzera iristeraino. Aurretik jorratutako r&b eta trip-hop doinuak alde batera utzi ditu hein batean, elektronika, giro musikako doinu eta esperimentazioari tarte egiteko. Björk-en Vulnicura lana gogorarazi dezakeela diote askok, eta hala da gordintasun, iluntasun, esperimentazio eta iluntasunari dagokionez, baita bi abeslariek kantak barru-barrutik atera dituztela antzeman daitekeelako ere. Hala ere, disko hau ez da hainbeste ihes eginiko maitasunagatik sorturiko arrangura bat, bolada horretan jasandako min eta sufrimenduaren isla bat baizik. Melodia edo momentu nabarmengarri gutxiz, nahiko lan lauaren aurrean gaude —horrek ez du monotonoa denik esan nahi, ezta gutxiago ere—, sormen prozesuan blokeo moduko bat jasan izan balu bezala. Lan osoan zehar mantentzen da atsekabe tonua, zorigaiztoko balada esperimentalez josia bailitzan, baina betiere koherentzia mantentzeari utzi gabe. Abesti bakoitzak barruak urratzen ditu, sarri leuntasunarekin nahastuz, eta badirudi hauen bidez musikari britainiarra, bizi izan duen egoera gardenki kanporatuz, bertatik ihes egiten saiatzen ari dela, batzuetan puntu espiritual batera ere iritsiz; Thousand Eyes-en, kasurako.

Berak bakarrik ekoiztu duen lan honetan izen handiko hainbat bidelagun izan ditu: Michael Uzowuru, Skrillex edota Jack Antonoff, besteak beste, puntualki euren harea-pikorra ipiniz, baina Barnetten berebiziko esentzia guztiz mantenduz. Inor ez da ez hotz ez bero geldituko lan hau entzutean; baina esan beharra dago maisuki asmatu duela mina musikatzen, ahots bakartia noizbehinkako energia ekaitzen oihartzunekin konbinatuz, sentiberatasun eta bortizkeria kutsuak, biak ala biak nahastuz. Itxaronaldia luzea izan da, baina merezi izan du, urteak eman duen lanik zintzoenetako bat baita FKA Twigsen hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.