Askoren artean 'Nova Danse 2020'

Dantza bilduma estimagarria

Argitaratzailea: Radio Novak.

Andoni Tolosa.
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Frantziako Radio Novak (www.nova.fr) nahitaezko erreferentea izan beharko luke jakin-nahiak bultzatzen duen edozein musikazalerentzat, eta, horretarako, ez da ezinbestekoa haien web-irratietara jotzea; aski da aldian-aldian kaleratzen dituzten bilduma-lanekin gozatzea. Ibilbide luzea egin dute lan hauek prestatu eta argitaratzen; batzuk monografikoak, besteak orokorrak (urte jakin bati dagozkionak, adibidez). Hain lan txukuna egin dute bildumak paratzerakoan, hainbeste zaindu dute ikuspuntu musikala, halako arreta jarri diote artisten eta kantuen aukeraketari, erreferente nagusi bilakatu baitira musika berrizaleak maite dituztenentzat. Beraz, eta oraintsu kaleratu duten Nova Danse 2020 aipatu baino lehen, esan, Radio Novaren zigilua ikusten baduzu diskoren batean, lasai har dezakezula hura dastatzeko lana.

Bestela, izenak dena dioen lan horietako bat da: irratiaren izena dago, haren ondoan dantza ezizena eta, segidan, urtea. Ez du gezurrik esaten disko honek, izenari men eginez, azken hilabeteetan dantza pista sofistikatuenetan agertutako pieza eta estilo esanguratsuenetakoak biltzen baititu galerarik ez duten hemeretzi piezetan. Beharbada italiarra ez den Le Feste Antonacciren italo-pop sexya. Tshegeren afro-punkaren soinu matxinatu, perkusibo eta lodia. Throes+Shineren kuduroaren bertsio portugaldarra, Angolako zeruertza sekula bistatik galtzen ez duena. Ia aita santu izendatu zuten LeonxLeon frantziarraren house, boogie eta disco coola. Nola Is Callingen electro-pop vudua. Zerrendak jarraitzen du, baina balio beza zizka-mizka honek bildumaren ikuspuntu zabal eta askotarikoa azpimarratzeko.

Ez duzu soinu hanpatzailerik, elektro gordinik edo makinistarik topatuko. Bildutako pieza guztien dantzagarritasuna ez dago oinarrituta base gogor eta errepikakorretan; alde horretatik, agian ez da teknozale sutsuenen gustukoa gertatuko, baina esango nuke ez dela disko honen helburua horiek asetzea. Beraz, zalantzak badituzu, disko egokia izan daiteke aurreiritziak gainditu eta ezustekoren bat edo beste jasotzeko. Adibidez, ohartzeko dantza-pistetan, baita egun ere, zer presentzia duten mendebalde anglosaxoitik kanpoko musikek.

Etxean, orain modan dagoen kontua denez, dantzatu daitekeen diskoa da. Jarri martxan musika aparatua eta utzi amaierara arte, DJ partikular bat bazenu bezala izango da. Kantu aukeraketa ona da, baita haiek zerrendatzeko aukeratutako irizpideak ere; beraz, ez dugu uste behar askorik edukiko duzunik kanturen bat saltatu eta hurrengora jotzeko. Eman bolumen apur bat eta gozatu lasai, bihar hitz egingo duzu bizilagunarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.