Little Simz 'Sometimes I Might Be Introvert'

Emakumea, beltza eta ahaltsua

Diskoetxea: Age 101 Music / Awal.

2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Jatorri nigeriarreko hip-hop musikari eta aktorea bere ibilbideko behin-behineko gailurrera iritsi zen 2019ko Grey Area lan bikainarekin. Halere, Simbiatu Simbi Abisola Abiola Ajikawok, hori baita bere benetako izena, harago joan izan nahi du laugarren lan honetan. Horretarako, Sault kolektibo misteriotsuaren diskoak gobernatzen dituen Inflo ekoizlearen laguntza izan du, zeinak sekulako lana egin duen ordubete eta bost minutu irauten duen Sometimes I Might Be Introvert honen inguruan soinu unibertso propioa eraikitzeko. Hala, 27 urteko musikariak bere heldutasuna erakutsi du lan honetan, eta, bide batez, aho bete hortz utzi ditu zaleak eta entzuleak oro har.

Musikariak anbizio handia agertu du grabazioan jasotako hemeretzi kantuak sortzeko eta doinuok belztasunaren eta emakumearen inguruko aldarrikapen bihurtzeko. Hartara, diskoa, bikoitza binilozko formatuan, lan kontzeptualetik gertu dagoela esan daiteke. Horrela azalduta, hip-hop opera hanpurutsu bat irudika lezake irakurleak, baina errealitatea bestelakoa da, Sometimes I Might Be Introvert aurten argitaratu den lanik grinatsuenetarikoa baita. Horiek horrela, hiriko musika beltz garaikideari aurrez aurre begiratu eta Simbik obra kolosal bat eraiki du gure gozamenerako. Entzunaldi bakoitza lurralde beltzetan barrena dabilen safaria da, musika beltzaren sustraiei helduta —Two Worlds Apart kantuan Smokey Robinson soul musikariaren The Agony and the Ecstasy-ren samplea txertatu du—, pandemia osteko planeta zukutzen duena, emakume beltza, eta artista bera, oihanaren erdigunean kokatzeko, harro eta boteretsu.

Edukiari dagokionez, Simbiren ahotsa lan guztia enpastatzen duen orea izanagatik ere, askotariko doinu koloretsuak loratzen dira zirrikitu guztietatik, beltzaren ametsezko tonalitate guztiek gainez egiteko: hip-hop, soul, r'n'b, gospel, jazz, afrobeat, spoken word eta funk. Aniztasun hori Inflo aztiak maisutasunez gidatu du. Ekoizlearen lana nabarmen da, berehala antzematen da; esaterako, orkestra moldaketen presentzia txalogarria da, baita Saulten ere aritzen den Cleo Sol abeslariaren ahots soulzalea ere. Horrekin batera, pasarteen arteko interludioak ere azpimarragarriak dira, diskoaren kontakizuna ulertzeaz gain, grabazioari bestelako sonoritateak eransten dizkiotelako; esaterako, musikal itxura duen The Rapper That Came to Tea (Interlude).

Horiek horrela, Sometimes I Might Be Introvert erabateko klasiko bihurtu da supituan, Kendrick Lamar, Curtis Mayfield edo Lauryn Hill artistek sortutako lanen parekoa. Aditu batzuek, baina, obra honen iraupena kritikatu dute, zerbait zalantzan jartzearren. Nire aldetik, gauza bakarra gehitu behar dut: Little Simz emakume beltzak maisulan bat ekarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.