Musika. Drumkopters 'Drumkopters'

Ondo pasatzearen garrantzia

Diskoetxea: Autoekoitzia.

Julen Azpitarte -

2019ko urtarrilak 13
Drumkopters Zarauzko mendiko belarren eta itsaso beltzeko olatuen erdian sortu zen, 2016an. Oso serio hartzen dugu ondo pasatzea». Seriotasun dibertigarri horren sustatzaileak Pottors ta Klito, MICE, Perlak eta bestelako egitasmoetan aritutako musikariak dira: Maider F. Beristain Txini, Leire Kortaxarena Korta eta Miren Narbaiza.

Bada, estreinako lan homonimo honek Ander Barriuso teknikariaren gobernupean grabatutako bederatzi doinu biltzen ditu, eta, taldearen Bandcamp gunean jasotzen denez, grabazio prozesuan Ibon Rodriguez Ibon RG ekoizle eta musikariaren laguntza ere izan du hirukoteak, —adi Ibonek bi aste barru argitaratuko duen lan bikoitzarekin, bat baino gehiago zur eta lur geldituko baita—.

Bederatzi kantu horiek hitzetan aipatzen dituzten hondartzako olatuen bitsa legez jaso ditut, baiki, gurean aurki dezakegun talde freskoenetariko bat baita Drumkopters, diskoa zabaltzen duen NS175 instrumentaletik hasi eta amaierara arte. Halere, eta egia esate aldera, diskoan bildutako abestietan, eta oro har grabazioan, sendotasun eza antzematen da, ziurrekin ibilbide laburreko taldea delako, baina makaltasun zoragarri horretan datza taldearen xarma. Hemen ez da birtuosismoaren arrastorik, bai ordea hiru musikariren arteko txinparta, eta sute horretatik kantu itsaskorrak eta ederrak loratzen dira.

Taldearen proposamenaren harira, punk heterodoxotik edaten duen talde feminista da Drumkopters, 1990eko riot grrrl mugimenduaren espiritua eta aldarrikapenak haizatzen dituena, Slitter Kenney edo Dischord zigiluko Slant 6 hirukoteen erara. Hartara, Nazkatuta gaude kantuan, kontzertuetan tradizionalki mutilek betetzen dituzten lehenengo lerroetan egoteko eskubidea aldarrikatzen du Zarauzko taldeak: «Konturatuko al gara inoiz, batzuek espazioa izateko, besteek atzera egin behar dutela». Susako editore eta musikazale amorratu Leire Lopezen laguntza izan dute testuak zorrozteko.

Erreferentzia garaikide horiez gainera, tarteka, 1970eko hamarkadaren amaieran neska britainiarrek osatutako post-punk taldeen erritmo sinkopatuak ere nabaritzen dira; esaterako, Euriya doinuak Slits hirukotearen —ja laugarren hirukotea aipatu dut iruzkin honetan— giro angeluarrak sumatzen dira. Erresuma Batuko after-punk talde horiek, halaber, reggae eta dub estilo tropikalekin jolasten ziren, eta Drumkoptersek ere antzera egiten du, horren erakusle Zarautz-Getaria abestian entzuten den gitarra bihurria, zeinak surf zale agertzeko ahalmena ere baduen. Maider, Leire eta Mirenek, gainera, dantzarako joera ere erakutsi dute, funk kutsuko baxuak tarteko, ESG estatubatuarren oihartzunak zabaltzen dituen Psikotropik kantuan antzeman daitekeenez. Horrekin batera, diskoa melodia bikainez beteta dago, eta ahots jolasak ere azpimarragarriak dira; Hemen, orain entzutea baino ez dago.

Finean, nire iazko disko kutunen artean agertu ez bada, beranduegi ailegatu naizelako izan da. Biba Drumkopters!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna