Hilbera 'Mundu galdua'

Askatu burua, libratu amorrua

Diskoetxea: Black Storm.

2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Lan mardula eta aunitz aberatsa osatu du Markina-Xemeingo boskoteak. Izan ere, eta lehen lana dela kontuan hartzen badugu, haren heldutasunak harritzen baikaitu. Epikaz jantzitako hamar kantu dira, introa eta outroa barne, eta sentsazio pilaketa aski estimulagarria da kantu guztietan. Ahots melodikoak dira nagusi, eta bikoizten direnean lortzen dutena magia hutsa da. Infernuko ilargi, Mundu galdua edota Denboraren balioa dira horren adibiderik garbienak. Tonu altu eta bikoizketa landu horietan, hastapenetako Urtz taldea ere burura etor dakiguke. Esan dezagun haien ahotsen eta atmosferen abilezia gogora ekar dezaketela, baina orokorrean muturrerago jotzen dutela.

1980ko hamarkadako heavy metal klasikoaren patroi melodiko eta harmonikoak maisuki menperatzen dituzten arren, thrash metalaren basakeria ere oso aipagarria da hainbatetan (Azken aukera, Mundu galdua, Oroitzapen ahaztuak eta abar). Kantuek arnasa har dezaten egin duten lana ere aipagarria da inondik ere. Disko oso musikala dugu, pasarte landu zein erritmo oparoz beztitutakoa. Bonbo bikoitzaren (edo pedal bikoitzaren) erabilera brutala eta neurtua da era berean, eta abiadura handiko azelerazioetan (Infernuko ilargi, Zu zeu) zein pasarte musikal inspiratuetan kalitatezko zigilua jartzen dute. Genesis beste gailur bat dugu, konposizio borobila izateaz gain, bere barruan gitarra bikoiztu kartsuak eta melodikoak baitakartza. Zu zeu kontzertuetan ukabila jaso eta oihuka kantatzeko errepika perfektuaren jabe da, gitarra riff zorrotzak, bonbo pedal bikoitzaren birrinketa errukigabeak eta disko osoa borobiltzen duten erritmo aldaketa zirraragarriak baitauzka han eta hemen.

Hartaz, eta arestian aipatu bezala, 36 minutuko totxo zeharkaezin eta monotono bat aurkeztu beharrean, hamaika ñabardurako kolore-sorta eskaini digute beraien opera prima-n. Thrash metala aipatu dugunez, haren hurrengo pausoa edo erradikalizazioa izan zen death metal kutsua aipatu genezake akaso (soilik akaso), batez ere ahots guturalak, bonboaren pedal bikoitza eta orokorrean erakusten dituzten oldarkortasun trazengatik. Hitzek musikarekin bat egiten dute. Honela, kontsumismoaren (Azken aukera) edota zapalkuntzaren aurkako ereserkiak ditugu nagusi. Hori guztia heavy metalaren poesia erromantiko eta dionisiakoa ahaztu gabe. Bestalde, erlijioaren gaitzespena arrazoi ideologikoengatik etor litekeen arren, hark egindako errepresioaren aurkako erantzuna da nagusi bai talde honetan, bai orokorrean Heavy familian. Infernuko ilargi-ri dagokionez, Jaun Beltza aipatzen dute, era sinbolikoan ordea, azkenean «denok barnean daukagun deabrua deika hasi zait» ondorioztatzeko. Horregatik guztiagatik, hitz borrokalari bezain askatzaileak dira, baina barnera begiratzen duten hausnarketak ere ez dira falta (Zu zeu, Denboraren balioa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.