Ines Osinaga '#itsasoadabidebakarra'

Koherentziaren mapa

Diskoetxea: Elkar.

Andoni Tolosa.
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Badira hari bakarrari tiraka interpretatu daitezkeen diskoak, horietan aski da hari-mutur horretatik tiratzea, artistek proposatzen dizuten mataza askatzeko. Baina badira sartu-irten ugari eskaintzen dizutenak, bihurguneak dituztenak. Horrelakoetan, diskoa mapa bilakatzen da, eta mapek, praktikoak badira, ibilbide ugarirako aukera emango dizute. Batzuek koherentzia deritzote lehenengoari, eta, kontrakotasunez, inkoherentzia besteari. Baina ez da hala, koherentzia irakurketa bakarreko bide logiko eta arautuabaino gehiago dela pentsatzen baduzu, bederen. Mataza bat baino gehiago, mapa bat dela uste baduzu. #itsasoadabidebakarra iruditzen zait aipatutakoaren adibide argia, askotarikoa izanda ere, lan oso koherentea delako.

Lehenik eta behin, esan behar da diskoak A eta B aldeak dituela, fisikoki atzematen ez den arren (bertsio digitalean izan ezik).A aldeak Ines Osinagaren azken urteetako ibilbidearen hurrengo urrats logikoak erakuts ditzake; batez ere, musika elektronikoaren eraginpean hazitako kantuak dira, herri musikak eta erritmo garaikideek bat egiten duten eremu horretan kokatu beharrekoak. Trikitia melodiaz baina, batez ere, giroez arduratzen da. Arrasatearraren imajinarioaren osagai dira guztiak, baita ukelelea eta autotune pixka bat hartu eta Non Dago Gure Askatasuna hunkigarria eskaintzen duenean ere, ondoren giro ia-industrialak ekartzeko Lurrak instrumental trinkoarekin.

B aldea, berriz, son kubatarretik edaten duen Alegrantziaren Aldeko Konjura-rekin hasten da. Hortik aurrera; elektronika erabat desagertzen da, trikitia ia; eta gitarrek, tresek, perkusio organikoek eta ahots garbiek hartzen dute haien lekua. Kantuok trovatik hurbilago dauden arren, amaierako Malekoian eta Yhope Mope instrumentalek trikitiaren hotsa goratzen dute, gauzak bere lekuan jartzeko.B alde honek bidean utziko dizkigu 2022ko kanturik onenetako bat, Errua, eta Ines Osinagaren ausardiaren erakusle den Mercedes Sosaren Cambia todo cambia izugarriaren bertsioa, ukelelez lagundutakoa. Zer gehiago eskatu? Janzkera musikalarekin gertatu bezala, askotarikoak dira baita Sarrionandiaren testuak ere. Nahiz eta agerian uzten duten, berriro ere, haren poesiaren musikaltasuna, eta munduaren eta, batez ere, bertako biztanleen gorabeherekin duen lotura estua.

Bukatzeko, diskoa ia-ia kolektiboa dela aipatzearen tentazioarekin borrokan ari naiz, hain da eta luzea #itsasoadabidebakarra honetan parte hartu duten artisten zerrenda. Batez ere B aldeko kantuetan, non batzuetan Ines Osinagaren ahotsa desagertu egiten den protagonismo guztia Kubako kantariei utziz. Hori ere bada koherentea Kuba eta Euskal Herri arteko joan etorrian ondu den kantu bilduma honekin (hala aipatu du egileak).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.