Musika. Dravernue 'Proyecto D.A.G.D.A.'

Erresuma babesteko

Argitaratzailea: Egilea editore.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Erregearen magiak bermatzen du Dravernue erresumaren segurtasuna, eta gaizkileen etengabeko erasoei aurre egiteko gai den bakarra da. Oinordekorik ez dauka, eta, ordezkoa topatzeko, erresumako gazteei emango die aukera. Horien artean bada jaiotzetik elbarria den haur bat, eta begiak harengan dauzka jarrita erregeak. Horrela abiatzen da Donostiako Dravernue heavy metal taldeak argitaratu duen Proyecto D.A.G.D.A. izeneko disko-liburuaren kontakizuna.

Raul Gil eta Unai Iglesias musikariek irudimena eta sormena landu dute, abentura entretenigarria lortzeraino. Heiko eta Anuhi pertsonaiak dira, hurrenez hurren. Idatzi duten istorioak gogora ekar ditzake azken urteetan zineman estreinatu diren film distopiko batzuk (The Hunger Games, Divergent...). Horrela, kontakizun propioa aurkeztu dute, eta baditu bereizgarriak. Esanguratsuena da gaztelaniazko hainbat bikoizle ezagunen parte hartzea: Pepe eta Nuria Mediavilla, Jose Posada, Ramon Langa eta Nerea Alonso, besteak beste.

Dravernue bandaren estreinako erronkarekin musikari eta lagunek ere bat egin dute. Esate baterako, bitxia da Aitor Gorosabel (Su ta Gar) eta Mikel Bizar (Auritz, Idi Bihotz) gaztelaniaz abesten entzutea. Isra Ramos (Avalanch), Arkaitz Zayas (Hiverland) eta Raquel Reych (Song of Anhubis) abeslariek ere parte hartu dute. Taldeak egindako lan aparta aberasteko baliagarriak izan dira.

Erreparto zabalarekin errepertorio are zabalagoa osatu dute, eta hasieratik bukaeraraino gozatzen da. Huye sarrerarekin hasten da kontakizuna, eta Heikoren ibilerak ezagutuko ditugu hemezortzigarren eta azken atalera bitarte. Bidean pasarte zein abesti ederrak daude, betiere heavy metal melodikoarekin lagunduta. El inicio, Las pruebas, El aprendizaje, Los remordimientos, Proyecto D.A.G.D.A. eta La quimera dira istorioaren atal adierazgarrienak. Ez dute azalpenik merezi istorioaren inguruko spoiler-ik egon ez dadin.

Zuzenera eramateko erronka polita dute gipuzkoarrek, eta urtarrilaren 3an izango da agertokian ikusteko lehen aukera. Istorioaren parte diren gainditu beharreko proben antzerakoa izango da. Antiguako Doka antzokian izango dira bost kideak. Raul Gil abeslariarekin eta Unai Iglesias gitarristarekin batera, Alex Rodrigues (baxua), Ekaitz Acedo (bateria) eta Eider Bailador (pianoa) ariko dira. Erresumaren aldeko borroka agertokira eramateko unea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.