Txapeldunen Liga. Tottenham 0-2 Liverpool

Karius ahaztu dute betirako

Liverpoolek seigarren aldiz irabazi du Txapeldunen Liga. Lehen minutuan sartu du gola penaltiz, eta jokoa baldintzatu du

Liverpooleko jokalariak elkar besarkatuta, Origik atzoko partidako 86. minutuan sarturiko gola ospatzen. JAVIER MARTIN / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Tottenham. Hugo Lloris; Trippier, Alderweireld, Jan Vertonghen, Rose; Sissoko (Dier, 74.min),Winks (Moura, 66. min.); Delle Alli (Llorente, 82. min.), Christian Eriksen,Son Heung Min; eta Harry Kane.

Liverpool.Alisson Becker; Alexander Arnold, Matip, Van Dijk, Robertson; Henderson, Fabinho, Wijnaldum (Milner, 62. min.); Salah, Firmino (Origi, 58. min.) eta Mane (90.min).

Golak. 0-1. Salahk (pen., 2. min.); 0-2: Origik (86. min.0).

Epailea. Damir Skomina (Eslovenia).

Bestelakoak. 68.000 ikusle Wanda Metropolitano Madrilgo estadioan.

Aurtengo Txapeldunen Liga inoizko bizi eta ederrenetakoa izan da. Kanporaketak partida ero eta mirariz josita egon dira. Futbolzaleak bi hilabete zirraran murgilduta igaro ditu... Finalera arte. Ipuinak azken atal txarra izan zuen, postre eskasa duen ezkontza oturuntza bailitzan. Liverpooleko zaleentzat izan ezik haiek bai, haiek oso pozik hartu zuten Madrildik Liverpoolerako hegazkina. Talde historikoak seigarrenez irabazi du Txapeldunen Liga finaleko lehen minutuan penaltiz sarturiko gol bati, eta Alisson Becker atezainak eginiko bigarren zati handiari esker. Anfieldeko zaleek kutun berria dute.

Penaltiz, eta zalantzazkoa, Damir Skomina epailea izan baitzen finaleko lehen protagonista. Hasi eta hogeita hamar segundora Liverpoolen aldeko penaltia adierazi zuen. Manek baloia area barruan kontrolatu, eta haren erdiraketak Sissokoren besoan jo zuen. Aldi berean, baina, bularrean ere eman zuela zirudien. Baloiak lehenbizi bularra ukitzen badu, eta gero besora badoa, ez da penaltia. Epaileak bideo epailearen laguntza eskatu eta penaltia adierazi zuen. Izan edo ez, oso zalantzazkoa zen. Salahk baliatu zuen oparia atearen erditik jaurtiki eta 1-0ekoa jartzekoa.

Golak finala baldintzatu zuen. Liverpool atzean giltzapetu zen partida kontrolatzean jarri zuen arreta guztia. Partida kaskarra izan zen, oso joko gutxikoa. Batez ere aurreneko zatian. Tottenhamek jokoa sortzeko arazo larriak izan zituen. Pochettinok Kane atera zuen hasieratik eta haren erritmo falta sumatu zen. Haren atzetik Delle Allik ia ez zuen arriskurik sortu eta Erikssenek kalitatea ez zen agertu.

Liverpoolek ere ez zuen beste munduko ezer egin. Goian presionatzearekin aski izan zuen Tottenham lotzeko. Presioak, dena den, ez zuen fruiturik eman erasoan. Areaz kanpoko jaurtiketaren bat edo beste baino ez. Liverpoolek, baina, ez zuen behar, altxorra lortua zuen.

Bigarren zatian partida aldatu egin zen. Tottenhamen premiak aldatu zuen, eta Sonen kalitateak. Askogatik izan zen bere taldeko onena eta zirrikituak aurkitu Liverpoolen atzeko lerroan. Bigarren zatiko lehen hogei minutuetan area ertzeraino iritsi zen baina minutuak pasa hala atera gehiago gerturatu zen eta hiru gol aukera garbi izan zituen. Erikssenek falta batean, eta Sonek eta Delle Allik area barruko bi jaurtiketarekin banakoa sartzeko aukera izan zuten. Hiruetan Allisson atezainak meritu handiko geldiketak egin zituen. Iaz Liverpoolek finala galdu zuen Real Madrilen aurka, hein handi batean Karius atezainak eginiko hutsengatik. Hark kirioetan urtuta ekin zion partidari, Allissonek aldiz, haren bekatuak ezabatu zituen atzokoan. Eta bide batez oroitzapen txarra Liverpoolen zaleen buruetatik.

Liverpoolek partida oso txikia egin zuen. Zekenkeriz jokatu zuen, eta azkenean merezi baino askoz gehiago lortu zuen. Kontraerasoa du armarik arriskutsuena eta horrela sartu zuen 2-0ekoa (86. min.). Divock Origi ordezko aurrelaria izan zen Bartzelonaren aurkako finalerdietako heroia, eta atzo berak itxi zuen partida. Partidako azken txanpan Liverpooletik joaniko zaleek You'll Never Walk Alone ereserki ezaguna aho batez abestu zuten. Gorriz jantzitakoek estadioan eskainitako ikuskizun onena izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.