Lucho Bermudez y su Orquestra. 'The Coastal Invasion'

Orkestra handien cumbiak

Diskoetxea: Radio Martiko.

2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Belgikako Radio Martiko, disko jartzaile kolektiboa ez ezik, berrargitalpenak plazaratzen dituen zigilu txikia ere bada; besteak beste, 1960ko hamarkadako Egiptoko filmen soinu bandak eta Congoko banda afro-latindarren doinuak plazaratzen ditu. Belgikarrek, oraingoan, Kolonbian paratu dute beren begirada eta belarria, herrialde horrek emandako cumbia konpositore handienetariko baten bilduma bikoitza argitaratzeko, hain zuzen, orriotara ekarritako Lucho Bermudez y su Orquesta big band-aren The Coastal Invasion.

Bermudez Kolonbiako Karibeko kostaldeko musika tropikala modernizatu zuen funtsezko musikaria izan zen. XX. mendearen hasieran, soinuok oso baztertuta zeuden, baina Bermudezek hori guztia irauli egin zuen bere jatorrizko eskualdeko afro-kolonbiar soinuei big band-en modernotasuna eta jazza erantsiz.

Hala, orkestrak dantza eta erritmo afroamerindiar kutsakor eta itsaskorrak hartu zituen, eta Bogota eta Medellingo eliteko dantzalekuetan zabaldu zituen; laster Latinoamerika osora hedatzeko. Kolonbiar askoren aburuz, Lucho Bermudez eta bere emazte Matilde Diaz abeslari sonatuaren doinuek beren nazioaren esentzia islatzen eta biltzen dute.

Bildumak Medellinen bizi eta lan egin zuten sasoian grabatutako musikaren lagin luzea jasotzen du: guztira 22 kantu biltzen ditu, 1946 eta 1961 urteen artean jasoak; hau da, Lucho Bermudez y su Orquestaren garairik oparoenean.

Bermudezen klarinetearen soinua nagusitzen da lan bikoitzean, zeinak Kolonbiako amerindiarrek antzinatik jotzen zuten txirula ordezkatzen duen, hamaika musikariz osatutako big-band baten testuinguruan. Hala, Lucho eta bere orkestra aitzindariak izan ziren Karibeko kostaldeko musika exotikoa Bogotan eta Medellinen zabaltzen. Horretarako, tronpeta, saxofoi, klarinete eta perkusioz osatutako ekaitz dantzagarri eta hipnotikoa abiatu zuten, zeina bilduma honetan bere gailurrean azaltzen den.

Mi pueblo klarineteak gidatutako cumbia trumoitsua da, oihaneko aldarria, hezurdura eragiten dituena. Colombia tierra querida doinu herrikoiagoa da, sustraiduna, Matildek abestua. Abeslariaren harira, sekulako lana egiten du Mi cumbia sigi-sagatsu eta ilunean, budu erritual baterako aproposa —kantu horren bigarren bertsio bat ere jasotzen da grabazioan, pausatuagoa, zeinetan orkestraren lana gehiago nabarmentzen den—. Navidad negra, azkenik, doo wop koroekin jantzitako cumbia zinematografikoa da.

Horiek horrela, banda handiek jotako cumbian murgiltzeko lan egokia da The Coastal Invasion, 22 kantuek obra irmoa eta koloretsua marrazten baitute. Diseinua itzela da, eta datuz eta argazkiz ondutako liburuxka ederra dakar. Udaroko barbakoak hankaz gora jartzeko ahalmena gordetzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.