Musika. Porridge Radio 'Every Bad'

Kontraesanez betea

Diskoetxea: Secretly Canadian.

2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Eztabaida sorrarazi zuen Dana Margolinek, Porridge Radioko abeslariak, elkarrizketa batean zera esan zuenean: «Beti jakin izan dut munduko bandarik onena garela; arrakasta, zoritxarrez, berandu dator». Taldearen bigarren lanarekin jasotzen ari ziren kritika ezin hobeengatik galdetzean esan zuen hori, eta harrokeriaz publikoa gutxiesten ari zela uste izan zuten batzuek, Gallagher anaietako batek (Oasis) izan dezakeen jarrera berarekin. Baina, era berean, askok diote horrelako harropuzkeriekin rock alternatiboko hainbat taldek aurrera egitea eta goratuak izatea lortu dutela, eta, beraz, defentsa mekanismo bat izan daitekeela euren buruengan sinetsi, babestu eta aurrera egiteko. Brightonetik datorren talde bat izanik, bertako undrground eszenaren parte dira; zarataz beteriko EPak kasetean atera dituzte, lehen lana lorategietako estalpeetan grabatu dute, eta egun osoko doako jaialdi alternatiboetan ere parte hartu dute. Horregatik, nahiz eta bigarren lan honekin publiko orokorrago batera aise iritsi diren, ezin zaie anbizio komertzia izan dutela leporatu.

Soinu aldetik ez dakarte berritzailea den ezer, eta soinu isil eta zaratatsuaren artean mugitzen dira abesti asko, Don't Ask Me Twice eta Sweet singlea kasurako. Abeslariaren ahots moldagarria nabarmentzen da, leuna, leku sakon batetik ateratakoa dirudien eztarriko ahots urratuarekin nahasten dena. Hori, betiere, gitarra zorrotzez eta biolin eta sintetizadoreen soinu ilunez lagunduta. Elementu ezagunak konbinatuz, soinu freskoa lortzeko trebezia dauka Margolinek, eta, agian, hori izan liteke publikoak eta kritikak horrenbeste goraipatu izanaren zergatietako bat. Diskoa irekitzen duen Born Confused «aspertuta nago, hil arteraino eztabaida dezagun» esanez hasten da, eta «eskerrik asko ni zoriontsu egitearren» esanez amaitu, eta intentsitatea gehituz, poliki-poliki, alaitasunez bukatzen da. Horrelakoak erabateko pop doinuz beteriko abesti lasaiagoekin nahasten dira, Give/Take eta Pop Song-ekin, esaterako. Batzuek ulertzen ez duten arren, nire ustez pop abesti horiek ilunagoen osagarri dira, disko orekatu bat egiten dutelako.

Abesti berean kontrako mezuak helaraztea askotan errepikatzen da, Lilac-en bezala: ahots gordina gero eta indar handiagoa hartzen ari den neurrian, hasierako letra baikorra mehatxu bat balitz bezala har baitaiteke amaieran. Askotan, hitzek eurak ere barne elkarrizketa baten itxura ematen dute, inkontzientetik ariko balitz bezala. Asko dira —eta gara— PJ Harveyren aro gordinenaren tankera hartzen diogunak, bai musikalki, baina batez ere Margolinen abesteko moduagatik, indarra eta gordintasuna beldurrik gabe batzen baititu melodiekin.

Kontraesanez beteriko Every Bad hau bera ere kontraesanezkoa da. Izaera komertzialetik urruti, edonora irits daitekeen lan bat egin dute, baina kutsu arraroa galdu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.