Musika. Sonora Casino 'Trompeteros'

Astronauta latinoak Merkurion

Diskoetxea: Vampisoul.

2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Munster Records diskoetxeko azpizigilu Vampisoulek bete-betean asmatu du berrargitalpen honekin, erritmo latinoen zaleak zein psikodeliaren jarraitzaileak aseko baititu. 1972an argitaratu zen, eta, Peru ko MAG markak plazaratutako lan esanguratsuenetarikoa izateaz gain, bildumazaleek sutsuki bilatzen duten harribitxia ere bada. Hugo Macedo musikariak eratu zuen Sonora Casino, 1964an. Aurretik,baina, bederatzi urtez aritu zen anaiarekin Sonora de Lucho Macedo taldean.

Hugok, halaber, Lucia Pochita Rivera emaztea ekarri zuen haren egitasmo berrira kantari aritzeko, zeina bibrafonoa jotzen agertzen den Trompeteros honetan, —jatorrizko edizioaren azal bera mantentzen du berrargitalpenak—. Haatik, Pochitak ez zuen grabazio honetan deus abestu, Pachito Nalmy ahaltsua izan baitzen 11 doinuak abesten zituena. Sonora Casinok hainbat disko grabatu zituen 1960ko hamarkadaren erdialdean Philips diskoetxearekin, eta Trompeteros da MAG diskoetxearekin jasotako bigarrena, zeina Pochita y la Sonora Casino de Hugo Macedo lanaren ondotik merkaturatu zen —horretan ere Pochita agertzen zen, baina bateria jotzen—.

Callaoko Nalmy abeslariaren lana azpimarratzekoa da, kutsu latinoko hamaika erritmotan dotore aritzen baita Trompeteros honetan, tartean, diskoa zabaltzen duen eta boogaloo kutsuko pianorekin hasten den El negro Javier guaracha doinuan, Pasa, pasa boleroan edo Guajira del amor eta El culantro guajira kantuetan. Aipatutako guztiak aldakak lokatzeko modukoak dira, dantzagarriak oso, baina exekuzioa ere bikaina da, banda dotore, dirdiratsu eta basati entzuten baita.

Diskoaren gailurra, baina, zazpi minutu eta erdi irauten duen Astronautas en Mercurio da. Aspaldi entzun dudan kanturik harrigarriena. Azken boladan belarrian jasotako zartakorik beroena. Merkuriora bidaia egingo duen espaziontzi baten aireratzea iragartzen du rrobot ahots batek. Behin aireratzea burututa, haize-atala loratzen da, bortitz. Ahotsek «vámonos a Mercurio, vamos a vacilar» (Goazen Merkuriora, goazen adarra jotzera) haizatzen duten bitartean. Eta bat-batean, bibrafono bihurriarentzat tartea loratzen da. Laster, haizeak datoz berriro ere, bortitzago. Gero wha-wha efektuarekin grabatutako gitarraren solo psikodelikoa nagusitzen da, zeina kantu osoan narrastuko den suge kosmiko baten antzera. Tronpetaren soloari ere lotuko zaio gitarra. Kantu horregatik baino ez bada, iskoa ekuratzea merezi du, kutsu latinoko psikodelia futuristan jantzitako kantu txundigarria baita. Baina Merkurio bisitatu eta berehala, El turrón de Pochita dator. Urgentziaz betetako instrumental azeleratu baina gozoa da, hezurdura deslotzeko modukoa. Beste galaxia bateko lan tropikala da. Soinu bidaia kosmikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.