Musika. X 'Alphabetland'

Sakona bere hurbiltasunean

Diskoetxea: Fat Possum.

2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Punk-rockaren sorrera eta garapena New York eta Londres hirien inguruan ardaztu zela aski ezaguna da. Haatik, AEBetako mendebaldeko kostaldeko punk-rock eztandaren ekarpena ere azpimarratzekoa izan zen, nahiz eta leherketa horren erradiazioa hain suntsitzailea ez izan. Bada, Kalifornia aldeko danbatekoa Los Angeleseko undergroundean saretu zen nagusiki —norbaitek horretan sakondu nahi balu, zehazki jorratzen da Mark Spitz autorearen We Got the Neutron Bomb : The Untold Story of L.A. Punk liburuan—. Dangerhouse diskoetxearen presentzia funtsezkoa izan zen historia sekretu hori harilkatzeko, besteak beste, The Avengers, The Dils, The Weirdos eta X taldeen estreinako zazpi hazbetekoak plazaratu baitzituen.

Xren estreinako singlea, Adult Books bikaina, 1977an argitaratu zuen Dangerhousek, zigiluaren zazpigarrena. Harrezkeroztik, iraupen luzeko dozena erdi disko luze argitaratu ditu laukoteak. Lehenengo hirurak, Los Angeles (1980), Wild Gift (1981) eta UnderThe Big Black Sun (1982) maisulanak dira. Bikaintasun horrek, gainera, punk-rockaren mugak aise gainditzen ditu, eta AEBetako sustraidun rockaren erakusle apartak dira. X taldearen proposamenean, hain justu, Ipar Amerikako herri musikarekiko begirunea eta miresmena nabarmena da, eta Billy Zoom gitarra jotzailearen rockabilly maneratan islatzen da batik bat.

Bada, 35 urte eta gero, jatorrizko laukotea bueltan da, zaleak aho bete hortz utziko dituen Alphabetland hau tarteko. Exen Cervenka eta John Doe abeslari eta kantuen idazleek —Doek baxua ere jotzen du, eta bakarkako ibilbide luzea egin du—, iraganeko esentzia erakusten jakin dute, harrotasunez, bai eta ukabilkaden energia barreiatzen duten doinuen bidez haizatu ere; esaterako, funky kutsuko Cyrano de Berger's Back, zeinetan Doe eta Cervenkaren ahotsak—taldearen marka bereizgarria dira— berez uztartzen diren saxoaren laguntzaz, edo Delta 88 Nightmare, rockabilly kutsuko punk abesti azeleratua. Biak ala biak aurretik grabatutako kantuen bertsio hobetuak dira. Diskoa ixten duen kantuak ere X bandaren ezagutza erakusten du, zeinak jazz giroak eta spoken word-a nahasten dituen. Halaber, Free abestiak X taldearen estandarra dirudi, Wild Gift diskoan entzun zitekeena. Gauza bera gertatzen zaio Water & Wine singleari, rock-and-roll klasikoaren tradiziora gerturatuz, saxo eta piano konponketen eta Zoomen birtuosismo kaletarraren bitartez.

Diskoaz esan daitekeen gauzarik argigarriena da taldearen urrezko garaiko lanen parekoa dela, edo, John Doek azaldu duenez: «Gure musikak beti izan du sakontasuna, baina, azalean, rock-and-rolla da, eta ulerterraza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.