Musika. Ansorena & Senperena 'Euskal danbolinaren aroak'

Habanerak Jauregian

Diskoetxea: Gaztelupeko Hotsak.

Andoni Tolosa.
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Agian ez da modurik egokiena txistua protagonista duen disko baten iruzkina hasteko, baina aitortu behar dut, ez naizela sekula oso txistuzalea izan. Ziurrenik, txikitatik hurbilen eduki dudan bertako musika tresna izanik, ez dudalako harengan beste tresna batzuengan antzemandako exotismo arrastorik topatu. Beharbada, bertako tresnen artean akademikoena iruditu zaidalako beti, edo, besterik gabe, etxera ordu txikitan iritsita ere, haren doinuek igande goizero esnatzen nindutelako, diana etxe azpitik pasatzerakoan. Laburbiltzeko, oso mundu formalarekin lotu izan dut txistua beti, eta hortik haren erakargarritasun falta, gehiago ezagutu, edota haren gainean sakontzen saiatzeko. Lagun batek disko hau aholkatu didan arte, gehitu beharko nuke, baina gauzak aurreratzea litzateke hori.

Lehenengo aldiz entzutean, disko zintzoa dela esan daiteke, hitz ematen duena betetzen duen horietakoa; txistua eta pianoa elkarrizketa betean, tranpa eta artifiziorik gabe. Tira, barkatu, danbolina eta pianoa esan beharko nuke, hori baita lan honi esker ikasi dudan lehenengo gauza; txistua esku batekin eta danbortxoa bestearekin jotzeko moldeari danbolin deitzen zaiola. Bi musika tresnen arteko jolas horretan, pianoak gehiago egiten du erritmora, oinarrira, egiturara; eta txistuak, berriz, airera, melodiara. Doinuak askotarikoak dira, XVIII. eta XIX. mendeetakoak, profanoak eta erlijiosoak, kultuak eta herrikoiak, espero daitezkeenak eta ustekabekoak, eta panorama historiko ederra eskaintzen dute. Izenburuak ez dio gezurrik: Euskal danbolinaren aroak.

Bigarren entzunaldian, pianoari erreparatuta, kolore gehiago agertzen hasi zaizkit; jazz, folk eta musika garaikidearen ukitu sotilak, maisutasunez eta oso modu neurtuan, han eta hemen, barreiatuak. Diskoan pianoak oso gutxitan hartzen du lehen planoa, eta hala eta guztiz ere, nola sendotzen, eta era berean, nola aberasten dituen danbolinaren hegaldiak, askotan kontrapuntu melodiko eta erritmiko ederrak eskainiz.

Hirugarrenean, ez ditut puzzlearen osagaiak bereizi, doinu bakoitza bere osotasunean dastatu dut, musika tresnen elkar hartzearekin bere horretan gozatzeko. Eta halaxe konturatu naiz, benetan, disko honek berrirakurketa historiko soilaz harantzago jotzen duela. Utziz gero, bi musikarien lau eskuek, herri musikak eta musika kultuak, egungoak eta antzinakoak, interpretazioak eta sorkuntzak, bat egiten duten lekura eramango zaituztela. Eta espero ez nuena, txistua protagonista duen disko batekin disfrutatu dut, bidean aurreiritzi batzuk utzi, eta poliki entzuteko lanak hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.