Efterklang 'Windflowers'

Garuna aberasteko lana

Diskoetxea: City Slang.

2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Gogoan dut 2000ko hamarkadan lehen diskoarekin ezagutu nuela talde danimarkarra, eta txundituta utzi ninduela hasiera-hasieratik. Baina, urteekin, beraien ibilbidearen berri izan ez, eta zertan ari ziren ez dut jakin, kasualitatez, disko berria argitaratu dutela ikusi dudan arte. Lehen entzunaldietan gustuko nuen talde hartatik asko aldendu diren sentsazioa izan arren, tarteko lanak entzun ditut, eta eboluzioa naturala bezain beharrezkoa izan dela konturatu naiz. Azken hau gaur egunera egokitutako lan bikain bat dela esan dezaket.

Efterklangek bere zaleak ohoratzen ditu Windflowers lan bikain honekin, eta taldearen soinuari aire berri bat ematen dio. Soinu-paisaia zabalak, sintetizadore eta hari orkestra konponketak... abesti bakoitzean ahots distiratsuak ageri dira, batzuetan soinu geruza ezberdinekin josten direnak. 2000. urtean taldea sortu zenetik, zazpigarren lan luzea dute, eta azken lanetako tonu eder bezain gorabeheratsuak dakartza, baina oraingoan sintetizadoreak eta mundu honetatik kanpoko soinuak gehituta.

Alien Arms-en, pieza pixkanaka osatzen hasten da elementu ezberdinekin; txarles sintetiko batekin hasten da, baxuarekin jarraitzen du, eta ahotsa nahiz organoa ere gehitzen ditu. Beautiful Eclipse-n, soka orkestrarekin sentimendua transmititzea lortzen dute. Instrumentu bakan batzuk elkarrekin jotzen doaz, perkusio erritmoarekin tempoa mantentzen dute, eta, noizean behin, pianoak guztien gainetik salto egiten du. Ahots leun baina batzuetan kasik desafinatu bat ere ageri da bertan. Adin nagusitasunari buruzko 1990eko hamarkadako film bateko abesti nagusia izango balitz bezala, Living Other Lives astiro puzten da soinu paisaia magiko batekin. Igoera instrumental hau pistaren lehen erdian gertatzen da, ahots ameslariak agertu aurretik, eta Mobyren musika ekartzen du gogora. Lehen lau minutuak ziklo jarraitua direla dirudi; hala ere, azken minutua beste abesti bat bihurtzen da, perkusioarekin eta gero eta ahots astunagoa denarekin lehen zatiaren distira galduta.

Albuma ixteko, The Field sintetizadore geruza desberdinez landutako fusio espazial eta birakaria da. Beste behin ere, hari multzoa nahasketan sartzen da, kantuari handitasun atsegina erantsiz, nahiz eta, bide erdian, eta olatu baten pare, abestiak belarriak jotzen dituen sintetizadore burrunbatsuen eztanda indartsu batekin. Kaosaren barruan ahotsek nonahi egiten dute igeri.

Windflowers ahots harrotuen eta kanpoko ametsen espazioko soinu paisaien konbinazio zoragarria da, ziur aski belarriak baretu eta aberastuko dituena. Bere ibilbide osoan lan ederrak argitaratu ditu taldeak, eta horrekin batera, bere lekua ongi aurkitu du eta jakin izan du egonkortasuna transmititzen. Post-rock doinuekin hasi zen, eta hori guztiz alde batera utzi gabe, elektronika eta popa ere naturalki txertatzen jakin dute daniarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.