Fibracat TV katalanezko kateak bihar hasiko ditu emisioak, LTDan

Fibracatek Godo taldeari alokatu dio lizentzietako bat. Andreak eta teknologia izango ditu xede

Gemma Cernudak aurkeztuko du Fibracat TV telebista kate berriko saioetako bat. Katalan hutsean izango da. FIBRACAT.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Kataluniako telebista eremuan katalanezko eskaintza bakarra ez da TVC talde publikoarena. Badira tokiko kateak zein pribatuak, eta, hain zuzen ere, bihar telebista kate pribatu batek hasiko du bidea lurreko telebista digitalean: Fibracat TV. Izen bereko telekomunikazio enpresa dago proiektuaren atzean. Legezko emankizunak izango dira, LTDko lizentzia bat alokatu baitio Godo taldeari —RAC 105 TV kateak emititzen zuena—.

Telebista proiektu berriak, gainera, Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluaren baimena jaso zuen apirilaren 30ean. Kataluniako etxeen %92ra iritsiko da Fibracat TV, eta herritarrek ez dute telebista berriro sintonizatu beharko, RAC 105 TVren tokia zuzenean hartuko duelako.

Telebista berriaren sustatzaileek iragarri dute emakumeak eta teknologia izango direla katearen ardatza. «Ikuspegia Kataluniakoa izango da, baina ostertza munduan jarrita», iragarri dute. Telebista berriaren edukietan emakumeen ahalduntzea, berdintasuna eta aniztasuna sustatuko dituztela nabarmendu dute, baita teknologia iraultza eta eguneroko bizitzan gertatzen ari diren aldaketak ere.

Fibracat TV katearen emankizun guztiak izango dira katalan hutsean, eta barne ekoizpenekoek ehuneko handia beteko dute. Saio guztiak goi bereizmenean emitituko dituzte, bai LTDrako eta bai Interneterako. Saioak eman ostean, Fibracaten nahierako zerbitzuan egongo dira eskuragarri.

Adin guztiei zuzendutako edukiak emango dituzte, baina sustatzaileek nabarmen dute «heldu gazteengana» iritsi nahi dutela.

Fibracat telekomunikazio konpainia 2013an sortu zuten, Manresan, eta telefonia zerbitzuak eskaintzen ditu. Azkeneko hilabeteetan dendak zabaldu ditu Reusen, Gironan eta Lleidan. Konpainiaren sortzaile eta zuzendaria Josep Olivet Torras da —Altecomen enpresako sortzailea—.

'Teve.cat', apiriletik

Fibracat TV ez da azkenaldian sortu den katalanezko telebista bakarra; apirilaren 27an, Teve.cat kate pribatuak ohiko emankizunei ekin zien LTDan zenbait eskualdetan. Nicola Pedrazzoli enpresariaren proiektu bat da, eta desagertutako Canal Catala katearen lekukoa hartu du. Entretenimendua, eztabaidak eta aktualitatea dira Teve.cat-en ardatz nagusiak. Carlos Fuentes da aurkezle izarretako bat —Catalunya opina eztabaida saioa aurkezten du—; Albert Lesan da katerako fitxatu duten beste aurkezle bat; Ares Teixidok, berriz, Queda't a casa amb Ares saioa aurkezten du. Teve.cat kateak El Punt Avui TVk lurreko telebista digitalean zuen seinalean emititzen du. Izan ere, katalanezko bi egunkari horien telebista abenduaren 31n itxi zuten. Teve.cat-ek Bartzelonako 22. barrutian ditu estudioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.