Laumono 'Umezurtzak Jupiterren'

Groovearen freskotasuna

Argitalpena: Autoekoizpena.

2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Berri onak rock/hard/blues zaleontzat, hamaika urte itxaron behar izan dugun arren, indar betez itzuli baita Mutrikuko laukotea. Akaso euskal eszena haien faltan egon da urte hauetan guztietan, erakusten duten erraztasuna eta musika jario mota hori ia ez baita existitzen gurean. 1970eko hamarkadan daude Laumonoren sustraiak: dezibelez bustitako blues rock aske eta bizigarria, askotan Hard Rock-eko egitura zenbaitekin biribildutakoa; Ricard Garagarzaren ahala, nota zinez altuak aski erraz harrapatzen dituena (zenbatek kantatzen dute horren altu?), eta Jon Iturrinok gitarrarekin erakusten duen asmamena. Ezaugarri horiek guztiak berezi egiten dute Laumono. Ricarden ahotsa, haatik, kantuen zerbitzura dago une oro, eta ez du erakustaldiak egiteko intentzio berezirik erakusten. Aldiz, momentu egokia aukeratzen du goranzko bidea hartzeko, eta horrexegatik da hain lehergarria.

Isiltasunen kudeaketa eta kantuei arnasa hartzen uztea da emaitza hain desiragarri egiten duena. Iturrinok egiten duen riff festa etengabea da lan osoan, eta erritmo aldaketak konstanteak bezain aberasgarriak dira. Laumonok hirugarren lan honekin lortu du bilatzen ari zen soinu garbi eta indartsua, eta Axular Arizmendik AME estudioan egindako lanak zer ikusi handia izan du horretan. Etendako erritmoak, intentzioz jositako aldaketa hiltzaileak, eta hitzak: gai sakonetan murgildu ordez, estiloarekin bat datozen paisaia dibertigarriak, batzuetan pikanteak eta zenbaitetan kostunbrismo trazadunak proposatzen dizkigute. Diskoa boteretsua da lehen bost kantetan. Soinu indartsua, han-hemenka gitarra soloak, errepika garbiak, heavy rock trazak... Alkolitxua, bideoklipa ere badaukan lehen kanta, esan dugun horren adierazgarria da. Koruak aipatu ez ditugun arren, presente daude disko osoan, bi ahotsetan, batzuetan baita hiru ahotsetan ere. Gainera, Gaueko Lainotan edo Andramostrua piezetan erakusten duten feeling-ak kontzertuak berotzeko bereziki egoki bihurtzen ditu.

Bigarren erdian gertatzen da, ordea, leherketa nagusia. Bat-batean, kantak jario berezi batez bustiak dirudite. Era oso natural eta bizian, Bare bare,Dizdira edota bereziki Aske nahi det pizgarriarekin (Laumonoren kanturik onena?), errepika gogoangarriak, koru dirdiratsuak eta klasikoen zaporea dira nagusi. Rory Gallagherren magia sentiarazten digute, baina Whitesnakeren lehen etapak hobeto definitzen du laukotearen artea. Azkenerako, beste sorpresa bat: Jupiter izeneko bost minutuko orgia instrumental landua, arrapaladan datorren Iron Maiden estiloko trosta, crescendo kartsua, eta baxuarekin bikoiztutako gitarra. Rock musika dantzatu ezin daitekeela esaten duten horiei erregalatzeko moduko diskoa. Kasu egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.