Leyla McCalla. 'Breaking The Thermometer'.

Haiti irratiaren ahotsa

Diskoetxea: Anti 2022.

Andoni Tolosa.
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Musika afro-amerikarren erroetara jotzeko hautua egin du, beti, New Orleanseko kantari, txelo eta banjo jotzaileak. Horren lekukotasuna utzi du bai bakarka kaleratutako lau diskoetan, bai aurretik Carolina Chocolate Drops taldearekin plazaratutako lan bakarrean. Abiapuntua folkaren, bluesaren eta jazzaren alderik beltz eta berezkoenetan jarrita, ikuspuntua zorroztu, eta musika afro-karibearrera zabaldu du bere sormenaren etorria. Horretarako, bere erro haitiarretan murgildu, eta denborarekin, zubi musikal bat eraiki duNew Orleansen eta Port-au-Princeren artean, erritmoak, doinuak, hizkuntzak, musika tresnak... ausardiarekin nahastuz. Horren adibide ederra da disko hau irekitzen duen Nan Fon Bwa kantua, non perkusioak eta txeloak elkarrizketa ederrean ari diren, musika tresna kultoen gaineko topiko bat baino gehiago hautsiz.

Leyla McCallaren bakarkako lanetan eragin horien guztien printzak ikus daitezkeen arren; kontinentekoak, zein irletakoak, sekula ez dira hain nabarmen gertatu bigarrenak. Horregatik, hasi eta buka, zalantzarik gabe esan daiteke hau dela lau diskoen artean musikariaren lanik haitiarrena. Baina, horretarako McCalla andrearen lanaren beste ezaugarri nagusia hartu behar da kontuan, haren jardunaren dimentsio politikoa. Emakume eta beltz izatearen kontzientzian oinarritutako jarrera da, baina baita haitiar eta kreola izatearena ere. Hain zuzen ere, Haitiko gobernu eta botere-egiturek kreolekiko eduki duten jarrera baztertzaile eta zapaltzailea salatzea da disko honen zio nagusietako bat.

Egoera hori irudikatzeko, Haiti Irratiaren historia azaltzen digu Leylla McCallak kantu sorta honetan. 1968tik 2003ra arte, kreolen eskubideen defentsan eta ustelkeriaren aurka jardun zuen irratiak. Ibilbide horretan, hainbat eraso eta itxiera jasan behar izan zituen. Eraso horien punturik gailena, berriz, Jean Dominique esatari ospetsuaren hilketa izan zen, 2000. urtean. Beste hiru urte baino ez zituen iraun. Irratiaren presentzia oso nabarmena da lanean, hitzetan, eta han-hemenka entzungo dituzun bertako saioetako pasarte edo jingleek osatzen duten soinu-collagean.

Berriro ere konposizio propioak, eta haitiar kantu/melodia tradizionalak nahastu ditu musikariak. Instrumentazio aldetik, biluztasunera jo du, baina, aurrekoetan bezala, moldaketa fin eta burutsuekin bete ditu ustezko pobrezia instrumental horren hutsuneak. Kantu batzuetan, aski dira perkusioak eta ahotsak; beste batzuetan, banjoa da ahotsaren laguntzaile; pare batean, berriz, txeloak eta danborrak ari dira buruz buru. Dena dela, badaude konbentzionalagoak gertatzen diren kantuak. Adibidez, Caetano Velosoren You Don't Know Me-ren bertsioa,eta bals eta jazz aldera egiten duen Memory song ederra. Edozein modura, Leylla McCallaren beste disko borobil, zuzen eta esanguratsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.