Wilco. 'Cruel Country'

Itzulera sustraietara

Diskoetxea: dBpm/Anti.

2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Azken 20 urteetan ihesi aritu diren soinu eta etiketa horiek berak aurkitu omen ditu Wilcoko taldekideak Cruel Country disko berri honetan. Hala diote askok, eta, nork esango luke, azken urteetan sorturiko lanik borobilena egin dute horri esker. Batzuetan gertatzen da erantzuna aurrean daukazula, baina errazegia iruditu, eta kasurik ez egitea erabakitzen duzula, bide zailago bat hobea izango den ustetan. Horrela aritu dira Jeff Tweddy eta bereak, oraingoan errazera, sinplera, purura eta gardenera jo duten arte. Liderrak berak esandakoa da inoiz ez direla eroso sentitu musika countrya egiten ari diren ideiarekin, baina orain, buelta asko eman ondoren, konplexuak gainetik kendu, eta egiten duten musikari sinpleki country deitzeak askatu egin dituela.

21 abestiko lana argitaratu dute, garai honetan batere ohikoa ez den arren, eta, ederretan eder, ertz guztietatik klasiko izango den itxura daukala esatera ere ausartu da bat baino gehiago. Batzuetan soinu arin eta goxoarekin, All Across The World eta Hearts Hard To Find bezalakoetan, beste batzuetan ia murritz ere, The Empty Condor edo The Universe kasurako, abesti guztiak dira gehiegizko apaindura eta gehigarririk gabekoak. Diskoa talde osoak batera grabatu du estudioan, eta, hori ere nabaritu ohi denez, hemen ere hala gertatu da. Garrantzitsuena Tweddyren ahotsaren inguruan sorturikoa izan da, batzuetan, Darkness In Cheap eta Falling Apart-en bezala, apurtuta dagoela dirudienean ere, arnasa hartzeko espazioa emanez. Jakina da bera dela taldearen arima, guztia dagoela bere eta bere abestien inguruan, eta taldekideek dioten errespetu eta miresmena abesti bakoitzeko nota bakoitzean nabari da.

Ziurrenik zale asko izango dira Cruel Country Wilcoren lanik gogokoena bezala izendatuko ez luketenak, eta egia da hobeak badituztela, baina esan beharra dago azken bi hamarkadetan hortik gertuen egotera eraman dituen diskoa hauxe dela. Entzunaldi bakoitzean indar eta zintzotasun handiagoa irabaziz doa, eta, aurreko batzuk ez bezala, ez dut uste ahanzturan erori eta apalategi batean hautsa hartzen gelditzen den horietakoa denik. Entzuleak ez du disko osoa entzuteko gehiegizko esfortzurik egin beharrik, belarritik erraz sartu eta disfrutatzen den horietakoa baita, 77 minutu pasa irauten badu ere.

Tweddyk horrenbeste miresten dituen The Band, Neil Young, Gram Parsons edo Johnny Cash bezalakoen ondarea gaur egunera ekarri dute Cruel Country-n, klasikoenen zantzu hori erakutsiz, eta, era berean, nostalgia puntu bat ere transmitituz, Ipar Amerikako historiaren errepasoa egiten duen diskoan. Arriskatua bezain ederra da ordubete baino gehiago irauten duen 21 abestiko diskoa argitaratzea, sustraietara itzuli eta doinu klasikoekin jolastea, zaleon gusturako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.