Musika. Shining Lights 'Hypnotic Lights'

Hipnotikoa eta narkotikoa

Diskoetxea: Clifford Records.

2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Shining Lights Leon hirian 2017an eratutako egitasmoa da; laukotea, baina, ibilbide luzeko musikariek osatzen dute: Victor Garrido, gitarra eta ahotsa; Jorge Villoria, baxua; Eva Lopez, Hammond organoa; eta, azkenik, Unai I. Yarritu, bateria. Azken hori Sestaoko musikaria da, eta askotariko taldeetan trebatu da danborrak astintzen —Eten, Cordura eta Extended Plays, besteak beste—. Bada, oraintsu estreinako lan hau plazaratu dute, hiru kantuko binilozko EPa, mod kutsuko Clifford Records zigiluaren bidez. Bada, taldea sortu berria izanagatik ere, hiru doinuotan sendo dihardu, eta lehenengo entzunalditik erabat konbentzitu nau, aurten entzun dudan grabazio labur onena dela adierazi arte. Eta esandakoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, esan bezala, banda jaio berria baita.

Diskoari erreparatuz, grabazioan jasotako atmosferak erabat lisergikoak dira, 1960ko hamarkadako klasikoen itzal luzeak estaliak, tartean, Syd Barrettek gidatutako Pink Floyd edo Revolver diskoko Beatles. Horrekin batera, frakbeat manerak ere antzematen dira, oso tarteka, gehienbat bateria jotzaileak eragindako intentsitate aldaketen ondorioz, Purple Barrier edo The Attack izar ezkutuen erara.

Idatzitako hori guztia dela-eta, irakurleak pentsa lezake iraganean iltzatutako lau mod-ek abiatutako egitasmoa dela Shining Lights, 1960ko arropa vintage-ak soinean dituztela. Ezta pentsatu ere, laukotearen abestiek talde garaikideagoen oihartzunak ere haizatzen baitituzte. Paisley Undreground labelaren ordezkari Rain Parade taldearen giro psikodelikoekin edo The Stone Roses britainiarren erritmo azidoekin aldera daitezke. EPa argitaratu duen diskoetxeak hasierako Tame Impala taldearen eragina ere aipatzen du.

Hala, diskoari izenburua ematen dion abestiarekin irekitzen da grabazioa. Hammondteklatuak bultzatutako kantu psikodelikoa da, arabiar kutsuko gitarra jolasekin apaindua. Bost minutu inguru irauten duen espiral haluzinagarria da, eta ahots nagusia da elementurik ahulena. Flying Fast-ek antzeko ezaugarriak erakusten ditu, tempoa lasaiagoa bada ere: ahots eta koruen presentzia nabarmena da, eta baxua jostalari eta trinko entzuten da, kantuaren bizkarrezurra sustengatzen, bihurri. Azkenik, Salisbury Crag doinurik pop zaleena da. Hemen ere teklatua nabarmentzen da, bai eta bateriaren trosta eta emakumezko koruak ere. Estudioko lana egokia da, hiru kantuekin antzeko giro bateratua lortu baitu Juan Marigorta teknikariak Leongo Tripolares estudioetan.

Finean, Creation zigilu britainiarreko hotsak, Madchester estiloko erritmo hordituak, mod kultura eta 1960ko hamarkadako psikodelia klasikoa biltzen duen lana da, eta lehendabiziko pausoa izateko, ondo josia eta bikain jasoa. Eta gauzarik azpimarragarriena, askotariko zaleak erakartzeko ahalmen narkotikoa gordetzen du, bere ageriko sixty joera gorabehera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.