Musika. Adrenalized 'Operation Exodus'

Aireratze espaziala

Diskoetxea: La Agonia de Vivir.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Sei urteko isilunea erritmo biziarekin lehertu dute Adrenalized donostiarrek. Espazio-ontzia garajean izan dute, eta konponketa lan ugari egin dizkiote. Proba guztiek emaitza baikorra eman dutenean aireratu dute Operation Exodus lan berria. Sua piztu orduko abiatu da gora, eta begiradarekin zein belarriarekin jarraitzen ez badiozu, berehala galduko duzu zeruan.

Talde askoren despedida eta agurren artean, irribarrea mantentzeko banda gehiago daude. Denbora eta nahiak beste era batera kudeatuta irauten duten taldeak badira. Donostiako laukoak filosofiarekin hartu du betidanik musikagintza. Filosofia lasaia sortzerakoan, eta oso bizkorra estudioan zein agertokietan. Izan ere, hardcore melodiko lasterraren gozagarri bat izan dira hasi zirenetik. Lan batetik besterako jauziak azeleragailuarekin neurtu dituzte, eta aireratu diren bakoitzeko zer esana eman dute.

Laugarren diskoarekin oihartzun handiagoa izango ote dute? Horrela izatea pozgarria litzateke. Gorka Urbizu abeslariarekin euskarazko kantu itsaskor bat konpartitu izanak (Gezurra ari du), akaso, Euskal Herriko musika panoramaren mapan kokatu ditu. Edo ez. Seguru askorik ez zaiela axola, eta Gipuzkoako hiriburutik Ingalaterra eta AEBetara iristen jarraitzeko arazorik ez dutela izango. Ona da beraien espazio-ontzia, alajaina.

Hamabi martxako diskoa da, antzeko abiadura bizia oinarri badute ere. Diskoaren izen bereko kantuarekin motorra piztu eta atsedenik ez da Sorry for the Hit biribilera iritsi arte. Errepertorioko bigarrenak pizten du sua: Set It On Fire. Hasieratik bukaerara bitartekoa azkar eta gozo pasatzen da. Iraupen motzeko zartadak dira, melodiak azpimarratzen dituztenak.

Freskagarria da Kantauri itsasoko kresala. Arnastuz gero, barruraino sartzen da. Adrenakdonostiarren hizkeran hori eta gehiago lortzen du. Minutuak agortutakoan, berriz entzuteko gogoa pizten dute. Revenge laburrena eta Engravings In Stone luzeena laukotearen mundu azkar eta lausoaren arteko alderaketa da. Mutilek arnasa hartzea merezi dute. Aipatzekoak dira My Three Companions eta Decide eleganteak ere.

Espazioko espedizio berriari hasiera eman ondotik, prest daude zuzenekoetarako, eta bizitza azkarrari erritmo bereko musikarekin aurre egin nahi dionak aukera aprobetxatu behar luke. Esaterako, udan Propagandhi erreferenteen biran eta Asturiasko Tsunami jaialdian parte hartuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.