Musika. Mississippi Queen & The Wet Dogs 'Try Me'

Hasi dantzatzen!

Argitalpena: Egilea editore.

2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Mississippi Queen & The Wet Dogs talde bilbotarrak Try Me disko laburra argitaratu berri du, musika beltza oinarri duen debut lana.

Soinu zahar eta aspaldikoak jorratzen dituzten taldeek jasan behar izaten dituzten epaiketa zorrotzak aise gainditzen ditu taldeak, musika beltzaren sustraiak erraztasunez ohoratu eta, era berean, garai berrietako doinuekin uztartzeko duen ahalmenagatik. Hau, hein handi batean, Ines Eleuteria abeslariaren eraginagatik da, ahotsaren berezitasunak ez ezik, ahoskera eta fraseoa bikain menperatzen baititu. Gitarrak ipinitako rock oinarriak ere badu zerikusirik horretan, adierazpen askotarikoa eta nortasun sendoa, biak ala biak konbinatzen baititu.

Diskoari hasiera ematen dion abestiak (Try Me) dantzarako gonbita egiten du. Betiko soul-funkaren bidez, erritmo bizi eta paregabe bat lortzen du garapen orekatu baten bitartez. Speak When Spoken To, berriz, lanaren momentu gorenetakoa da, groove edo erritmo biziko gitarraz beterikoa; eta Don't Wait Up, berriz, boogie itsaskorra. Biek, dotoreziaz eta lotsa galduz, eguna alaituko digute. Ray of Sunshine abestia aurreko pauso bizi horietatik kanpo uztea, bere birak soilik kontuan hartuz, agian ez da egokiena izango, baina askatzen duen gospel dotore eta erromantikoak erlaxaziora eta lasaitasunera garamatza, nahiz eta zati bizi edo urduriago batzuk ere badituen. Ez da dudarik, aldiz, eremu intimo eta motelago batean barneratzen garela Lucky Red Dress-era iristean, kabaret bateko blues baten itxura hartzen baitu diskoak, are gehiago Long Gone lan osoko balada bakarrean, biluzi eta gordina, baina, era berean, hunkigarria den horretan.

Mississippi Queen & The Wet Dogsen lehen lan honetan soinu beltz klasikoen elementu naturalak aurki ditzakegu, baina beste talde edo musikari batzuengandik kopiatu gabe. Talde honen ezaugarririk nabarmenena, biziki esperotako lehen lanak frogatzen duen bezala, kantak eurak dira, baita identifikagarri egiten duen berezko nortasun hori ere. Horrela, osagaien nahasketak era askotako zapore mamitsuak eta emaitza bikainak eskaintzen ditu.

Estilo horietan ohikoa den ahots indartsua da taldearen arima, baina hori laguntzen duten soul, blues eta rock doinuek geure inguruan —onarpen ona izan arren— erroturik ez dagoen estilo bateko proposamen sendo bat osatzen dute. Egiten dutena atsegin dutela erakusten dute, eta egun ilunak argitu eta alaitzeko moduko abestiak helarazten dituzte, giro ona eta dantzarako gogoa transmitituz. Barrenetik harrapatzen zaituen lan horietakoa da bilbotarren lehenengo hau, eta hain ongi egindako disko baten ondoren beste batzuk etortzea espero dut, musika eszenan gelditzeko datorren taldea izatea merezi baitu Mississippi Queen & The Wet Dogsek. Bejondeiela!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.