Musika. Niña Coyote eta Chico Tornado 'AitzStar'

Handi jaio, eta hazten

Diskoetxea: Pozoi Records.

2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Niña Coyote eta Chico Tornado donostiarrak AitzStar izeneko disko berriarekin datoz bueltan, izenburuko hitz jokoarekin azalduz diskoa, haitz baten sendotasuna eta iluntasunean nabarmentzen den izarraren distira baitakarte beste behin ere hirugarren lan luze honetan, euren ohiko bide izan diren stoner eta 70eko hamarkadako rock klasikoaren zipriztin horietatik haratago joanez.

Mundu osoan biran ibili eta estatuko jaialdirik handienetan izugarrizko arrakasta izan ondoren (nahiz eta mediatikoki oraindik ez diren behar bezala aitortzen), Tarragonako Casamurada estudioetan grabatu dute hirugarren lana, Ricky Falkner eta Jordi Moraren laguntzaz. Bikotearen ohiko doinuen erakusle da diskoa, baina oraingo honetan antzematen da psikodelia —Bai Bye abestian esaterakoeta iluntasun puntu bat ere —Geroa eta Sinestesia abestietan kasurako-. Horiek guztiak beste abesti argiago batzuekin nahasten dira, garaje soinuz beteta, horrelako anabasa bortitz bat sortuz, desertuko zurrunbilo bat balitz bezala. Sentsazio horrekin berarekin hasten da jada Errautsak lehen abestia, eta lan osoan errepikatuko da. Jungle Tornado kantu elektrikoan momentu gorenak azaltzen zaizkigu, soinu kapak gainjarriz eta atmosfera instrumental ilun bat sortuz. Cabezacubo-k eta Geroa-k Black Sabbath bezalako taldeak dakarzkigute gogora, eta Neu eta Zeu-k eta Backintown-ek punk doinu psikotikoetara hurbiltzen gaituzte, ahots zoroz beterik. Diskoan parte hartu dutenen artean dago taldekideek deskribatu bezala «hizkuntzaren mago bat den eta hitzekin riff-ak egiten dituen» Harkaitz Cano idazlea. Azeri eta Herio abestiaren hitzak sortu ditu, zapalgailu bat bezala datorren kanta zikin bezain zuzenean koru errepikakorrekin amaituz. Aipagarriak dira F.U.A-n Zigor DZ-ren scratcheak eta Ricky Falknerren teklatuak ere. AitzStar-en denetariko doinu eta hitzak aurki baditzakegu ere, oro har, stonerra da abesti guztietan nagusi, aurreko diskoetan bezala, pisutsua baina energiaz betea, Euskal Herritik haratago daukaten arrakasta lortzera eraman dituena. Gainera, orain arteko lanetan abesti guztien hitzak idaztea zail egiten zitzaiela eta batzuk instrumental horregatik utzi zituztela esan izan badute ere, esan dute honako honetan garbi izan dutela lehen aldiz hitzak zeinek behar zituen eta zeinek izan behar zuen instrumentala; bakoitzari bere protagonismoa eman diote, eta garbi dago honetan ere asmatu dutela, hitzei bezala, riff-ei ere behar duten lekua eskainiz.

Niña Coyote eta Chico Tornadok euren ibilbide hasieratik erakutsi bezala, kalitate handiko bikotea da, indartsua, eta estudioko lana izugarria bada, taula gainean sekulako ikuskizunak ematen dituzte, beren artean duten konexioa publikoari transmititzea lortzen baitute, zuzenekoak leherraraziz. Handi izanez jaio ziren, eta, hala ere, hazten doaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.