Inaxio Esnaola Aranzadi.
Sonata Arctica 'Talvijö'

Hozkirria

2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Belaunaldi berrien amu izan zen power metala 1990eko azken urteetan eta 2000. urte hasieran. Gazte eta nerabe asko harrapatu zituen heavy metalaren azpigenero melodiko, bizi eta gozoak. Finlandiako Sonata Arctica taldeak bat egin zuen eztanda horrekin, eta sekulako arrakasta izan zuten Ecliptica eta Silence lehen bi diskoekin. Gaur egun metalera hurbiltzen diren gazteek doinu lehorragoengatik erakarrita egiten dute.

Hogei urte pasatu dira Sonata Arctica sortu eta munduratu zenetik, euren herrialde bereko Stratovarius erreferenteen eskutik. Urteurrenarekin batera plazaratu dute Talvijö —neguko gaua esan nahi du suomieraz—, estudioko euren hamargarren diskoa. Hotz geratu dira finlandiarren power metal gozagarria nahiago dutenak. Oso hotz. Sare sozialetan haserrea adierazi zuten askok aurreratu zituzten abestiekin; Youtubera igotako bideoen soinu kalitatea ere kritikatu zuten. Hamaika kantu ditu lanak, eta hamabi Japoniako argitalpenak, ordea. Azkar bizi garenez, azkar kontsumitzen dugun ororen iritziak azkarregi ematen ditugu. Bi edo hiru abesti entzun ondoren, ezin da finlandiarren azken lanari buruzko irakurketa onik egin. Ez dute hori merezi.

Hozkirria da entzunaldiekin sentitzen dena, hozkirri zinez atsegina. Urteekin, Sonata Arctica taldeak erritmoa mantsotu egin du, melodiak gehiago azpimarratu, eta, batez ere, euren betiko izaera mantendu dute. Power metala jorratzen hasi aurretik, Tricky Means hard rock bandako kideak ziren. Ez dadila inor asaldatu, mesedez. Lan berriko goxotasuna eta apaltasuna gustuko ez izatea ulergarria da. Dena dela, finlandiarrek gustuko dutena egiten jarraitzen dute, eta hori oso zaila da gaur egun, hainbat zalek izan zirenera itzultzea nahi duelako.

Jani Liimatainen gitarra jotzaileak duela hamabi urte utzi zuen banda, eta askoren ustez ordutik dator gainbehera. Tony Kakko abeslari eta sortzaileak, berriz, zintzotasunez mantendu du idatzi nahi duten norabidea. Euren egungo izaeraren isla da Message from the Sun lehen kantuak duen oreka: metal melodikoa hard rock, AOR eta power metal pasarteekin —ez diote uko egin—. Horren eredu dira Whirlwind, Cold, Storm the Armada, Demon's Gate eta A Little Less Understanding goxokiak.

Donostiara bigarrenez etorri ziren 2001ean, Gamma Ray eta Vanishing Point taldeekin batera. Txiki utzi zuten Anoetako kiroldegia. Han izan ginen power metalaren sukarraldiak jotako nerabeak. Argitaratu berria zuten San Sebastian jo zuten momentua gogoangarria izan zen. Donostiako Turismo sailak baliatu beharreko ereserkia da, oraindik ereduak eskuetatik ihes egin ez badu behintzat: «That the sun of San Sebastian is way too hot for me?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.