MUSIKA. Jeanines 'Jeanines'

Iraupen laburreko bikaintasuna

Diskoetxea: Slumberland Records.

2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
New York hiriko Brooklyn auzoko Alicia Jeanine musikari gazteak eta Jed Smith (Mick Trouble eta My Teenage Stride) taldekide helduagoak abiatutako pop egitasmoa da Jeanines. Iaz, estreinako lan homonimoa argitaratu zuen bikoteak, hamaika indie-pop izar plazaratu dituen Slumberland Records diskoetxe esanguratsuaren laguntzaz —zigilu horrek 30 urte bete zituen 2019an, eta, besteak beste, Velocity Girl eta Veronica Falls kultuzko indie-pop celebrity-en diskoak plazaratu ditu—.

Jeanines taldearen proposamena sinplea eta erraz deskribatzekoa da: energiaz betetako aparteko pilula super-motzak sortzen ditu, indie-pop tradiziotik abiatuta. Taldearen ibilbidea ere hiruzpalau zertzeladatan azal daiteke: Jeaninek, zeinak biolin klasikoa jotzen duen eta koruetan abesten hazi den, gitarra hartu eta lau akorde ikasi zituen, bai eta bere lehendabiziko abestiak sortu ere. Abestiok Smithi eraman zizkion, eta hark baxu eta bateriak sartu zituen. Slumberlandeko kideek, halaber, kantu horietako batzuk entzun zituzten Bandcamp webgunean, eta diskoa fabrikatzea deliberatu zuten ziztuan. Abiadura handiko berezkotasun horretatik bideratu du taldeak bere jardun guztia, iazko indie-pop estiloko lanik onenen zerrendetan kokatu arte.

Diskoak bi minutu gainditzen ez duten hamasei kantu biltzen ditu; di-da igarotzen da albuma, baina geriza sakona uzten du entzulearengan. Presaz tirokatutako pop ereserki goxo eta biziak dira, ahots eta gai malenkoniatsuekin jantzita —denboraren igarotzea eta heriotza dira Jeaninen kontu kutunak—, bai eta soul eta rhythm & blues tankerako baxu lerro bikainekin eta bateria erritmo kiriotsuekin apainduak ere. Jed Smithen arabera, «Motown eta Stax asko dago nire baxu eta baterietan».

Bikoteak, hain zuzen, ez ditu bere eraginak ezkutatzen, hala nola Television Persolities, Marine Girls eta Pastels, edo post-punk izpi ilunak, lantzean behin agertu izanagatik ere; influentzia horiek, baina, bere galbahetik igaro eta nortasun handiko kantutxoak egiteko gaitasuna dauka bikoteak, motz-motzak baina ahaltsuak, tartean, 1980ko hamarkadako The Siddeleys indie bandaren Falling Off Of My Feet Again. Indie planetaren itzal luze hori 1960ko hamarkadako melodiekin uztartzen daki bikoteak, garai guztietako pop musikaren ezagutza handia dutela erakusteko. «1960ko hamarkadako musikaren zaleak gara, eta zalantzarik gabe gure material guztian azaltzen da, hain justu, indie musikan oro har agertzen dena baino gehiago, Aliciarengandik baino nigandik dator hori guztia, hark gitarra akustikoarekin idazten baititu kantuak, eta ni, ostera, beti nago disko eta estiloetan pentsatzen», dio Smithek.

Laburbilduz, kontrajarriak diruditen kontzeptuetatik loratutako lana da Jeanines: gazte eta heldu, biluztasun eta ornamentazio, akustiko eta elektriko. Aurten hamar urte beteko dituen Madrilgo Popfest jaialdian joko du Jeaninesek; ea gurean ere ikusteko aukerarik dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.