San Salvador 'La Grande Folie'

Punk polifonia?

Diskoetxea: Pagans / Pias.

Andoni Tolosa.
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Musika okzitaniarrak, sormen mailan, bizi duen egoera gozoaren berri ematen duten seinaleen artean, aipatu behar dira hainbat musikari, eta talde gazteek azken urteetan kaleratutako disko bikainak. Interesgarrienek hanka bat musika eta kultura tradizionalean dute, eta bestea, berriz, sorkuntza garaikidearen alor mamitsuenetan (eta ez naiz ari alor musikalaz, bakarrik). Horrela, zubi sendoa eraikitzen jakin dute erroen eta etorkizunaren artean, bide batez, okzitaniar kulturari eta hizkuntzari ate eta leiho berriak zabalduz. Ikusgarritasuna eta erakargarritasuna emanez. Horren adibide bikaina da San Salvador taldearen lehenengo disko luze honek bai entzuleen zein adituen artean lortu duen arrakasta.

La Grande Folie du izena diskoak, eta Okzitaniako musika interesgarrienak argitaratzen diharduen Paueko Pagans diskoetxeak kaleratu zuen urtarrilean. Oso disko zuzena da, ez duelako misterio handirik seikotearen proposamen musikalak. Aski da diskoa irekitzen duen Fai Sautar entzutea ohartzeko; ahotsak eta perkusioak dira elementu musikal bakarrak, nahikoa eta soberan kantu dantzagarri eta jostalaria egiteko.

Nabarmena da oso herri musikaren eragina, nahiz eta konposizio propioak izan, baita hura ulertzeko modu organikoa ere, eta interpretatzeko modu zuzena. Diskoa aurrera joan ahala, erritmikoagoa bilakatuko da; adibidez, une batzuetan, kasik trantze musikatik hurbil ibiliko da. Ez da harritzekoa komunikabide batzuetan okzitanieraz kantatutako trado-punk-polifoniko gisara definitzea, edo hobeto esateko definitzen saiatzea. Alabaina, zaila da oso San Salvadorren musika hiru hitzekin kategorizatzea.

Saint-Salvadour herri txikian sortu eta bertan bizi diren sei gaztek osatzen dute taldea. Nola sortu den horrelako proposamen kitzikagarria 350 biztanle dituen Limousingo herrixka batean? Bada, urte batzuk atzera jo beharra dago, 70eko hamarkadaren hasierara hain zuzen ere, Frantziako Estatuko folk berritzaileak errepertorio tradizionala berreskuratzeari ekin zionean; Malicorne, Melusine eta Le Grand Rouge taldeen eskutik, besteak beste. Azken talde horretako biolin jotzailea, Olivier Durif, Correzeko bazter, eta batez ere, musikaren berezkotasunarekin maitemindu zen, eta bertara joan zen bizitzera. Orduz geroztik aritu da bertako musika eta istorioak jasotzen, lantzen eta zabaltzen. Haren inguruan biltzen hasi ziren taldea osatzen duten sei lagunak (Gabriel eta Eba haren seme-alabak dira), eta horrela jaso zuten, txikitatik, bere musika ustez sinplearen atzean dagoen jakinduria eta mamiaren sekretua. Disko indartsua, zuzena eta une batzuetan harrigarria egin dute horrela San Salvadorrekoek. Urte askotarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.