Broken Brothers Brass Band 'Katebegia'

Don Simon eta Ron Brugal

Argitaratzailea: Egilea editore.

Andoni Tolosa.
2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Posible al da musikari batek nortasun propioa garatzea genero jakin bateko musika eginda? Beste modu batera esanda, surf musika egiten duen talde batek, adibidez, estiloari dagozkion konbentzio eta arau musikalak beteko baditu, musika bera eta modu berean egingo du hemen, Vienan edo San Frantziskon. Beraz, zein zirrikitu uzten dio horrek sortzaileari? Kalitate handi, ertain edo txikiko fotokopia izatera kondenatuta dago?

Erantzun ugari dauzka galderak, noski, eta Broken Brothers Brass Band taldearen ibilbideak erakusten duen bilakaera da horietako bat. Bai, posible da! Iruñean bada New Orleanseko brass band estiloko talde bat, bere inguruan erabat errotuta, komunitatearen partaide aktibo dena, eta, diskoz disko, diskurtso musikal propioa eraikitzen ari dena. Bilakaera horren primerako isla da taldearen bosgarren disko luzea: Katebegia. Heldutasuna kalean eta urratsez urrats eskuratzen da.

Diskoaren hasiera da, bere horretan, aldarri bat; Arestiren Agur jaunik, Natxo de Felipek emandako moduan, eta ahotsekin bakarrik. Abiapuntu harrigarria musika beltza eta gehienetan instrumentala iturri nagusitzat duen talde baten diskoarentzat. Ion Celestinok eta lagunek naturaltasunez (koartada beharrik gabe) uztartzen dituzte euskal erreferentziak eta erreferentzia globalak. Horixe egin dute beren disko ia guztietan. Baina entsalada kultural horren osagaien kantitateari dagokionez, Katebegia-n inoiz baino ugariagoak eta agerikoagoak dira euskal erreferentziak, eta ez bakarrik hitzetan, baita musiketan ere. Fintzen joan dira formula (barka hitza) oraingo alkimia magiko honetara iritsi arte, non kantu bakarrean (Joan zen gaua) bat egiten duten musika beltzak, Chill Mafiak, Joseba Tapiak, Laboak eta txarangek.

Esan daiteke kantu disko bat dela hau, pieza instrumentalen aldean erakusten duten nagusitasuna dela eta. Berez, Katebegia eta Ordu zikinak dira bigarren kategoria horretan sartzekoak, nahiz eta oso hurbil egon Miguelon ere. Hiruretan, nabarmena da taldearen sendotasun musikala. Ongi koipeztatutako makina da horrelakoetan Broken Brothers Brass Band. Urteak daramatzate horretan, eta, hein handi batean, menderatzen duten lurraldea da hori. Gero eta hobeto egiten dute.

Kantuei dagokienez, ordea, ahalegin berezia dago disko berri honetan. Alde batetik, kopurua; diskoan bildutakoen artean bederatzi kantu generokoak dira, bete-betean. Horren seinale 1871, 24/7 eta Joan zen gaua kantuetako lelo kutsakorrak. Burutik ezin kendu nabil. Horrez gain, aipagarria da kantuak paratzeko ahots melodia eta harmonietan egindako lana; Cremasoles Second Line edo Mailu bat horren lekuko. Gainera, kale musika lantzen duen taldea izanik, adi dabiltza karrikatik datorrenari, eta hortik estilo eta joera nahasketa; zorionez, lotsagabea. Azkenik aipatu behar euskal herri musikari egindako keinu ozenak Kaletarrak jostalarian edota Kodea esanguratsuan. Bikaina, beste behin ere, Iruñekoen lan berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.