Patrice Dumora 'Watson' 'Bobi'

Amets baten ilusioa

Argitaratzailea: egilea editore.

2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Hamalau urteren ondoren, hemen da Watsonen bakarkako bigarren diskoa. Landetan jaio zen, eta 1980an etorri zen Ipar Euskal Herrira, Baionara hain zuzen ere, euskal kulturak eta rock-and-roll giroak erakarrita. Ordurako, ordea, bazuen musika munduan esperientziarik irlandar eta iparramerikar sustraidun folka lantzen, baita kontzertuak ematen ere. 1975ean, Paco Ibañezen aurretik kantatu zuen Tarbesen. Horrez gain, hainbat taldetan aritua zen.

Euskal Herrian, euskaraz kantatzen hasi zen Juan Paquito taldean 1980tik 1984ra. Gero, Jean Marie Ekairekin jo zuen Heclypse taldean, eta lehenengotako euskal reggae talde batean aritu zen: African Spirit. Les Stores taldean ere ibili zen, eta zortzi urtez Gazteok-en. Euskara ikasi zuen pixkanaka. 1994an (oraindik AEKn ikasten ari zela) eman zuen profesionalki jauzi handia: hain zuzen ere, Akelarre taldean sartu zen, arrakasta urte luzeak bizitzeko. Taldearen diskorik onenetako batzuk grabatu zituen (Hator!, Torkemada eta Bertako intxaurrak ere...). 2000. urtean utzi zuen, baina beste proiektu batzuk etorri ziren (Zorriak taldea 2001etik 2007ra, eta Nat eta Watson bikotea) 2008an lehenengo bakarkako diskoa argitaratu zuen arte.

Lan hartan biluztasuna zen nagusi: folk kutsuko kantu garbiak eta iradokitzaileak landu zituen. Oraingoan, soinu jantziagoa edo instrumentazio oparoagokoa sortu du, horretarako behar duen denbora guztia hartuaz. Finantzaketa kolektibo bidez lagunduta, joan den abenduan ikusi zuen argia, azkenik. Gustu onez eta plazer hutsagatik egindako lana dugu, eta ñabardura txikiei garrantzia eman diela senti daiteke. Pianoan egindako introaren eta outroaren erdian, hamar kanta estimulagarri entzun ditzakegu. Amadu eta Sorginen erratzak atseginekin ahoskatzeko duen gaitasuna agerian utzi du, hain zuzen ere iraganean (aspaldi) euskaraz ondo jakin gabe ere sinesgarritasuna edukitzea ahalbidetu zion ahoskera bera.

Amets hautsia bereziki ederra da, melodia goxo eta dotoreak direla medio. Gainera, Maddalena Luzziren ahots magikoak diskoko ederrenetako bat bihurtu du. Diskoan pop rock egitura berriak bere folk eta kanta biluziekiko tradizioarekin aldizkatzen dira, akaso gehienetan pop rockaren mesedetan. Airean zalu erritmo markatu eta errepika eraginkor baten jabe da. Sigi saga diskoko gailurra da: era berezi eta sinkopatuan landutako sasi-reggaea, adiktiboa eta martxosoa da. Tom Waitsen bertsio bat ere badago (Mutil zaharrentzat zitala), baita kutsu sofistikatuko blues rock bat ere (Eztiz asea, gitarra solo eta guzti!). The Eaglesen kutsua dauka Ongi etorri Bobi-k bere melodian, eta Zaldun hiltzailea sarkorra da bere intentsitatea eta tentsioa direla medio, azkenik ekaitz elektrikoak eztanda egiten duen arte. Disko aberatsa eta pertsonala grabatu du, gustu anitzeko entzuleak asebetetzeko modukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.