Musika. Fino Oyonarte 'Sueños y tormentas'

Ageriko eraginen gainetik

Diskoetxea: Buenaventura.

2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Fino Oyonarte (Almería, 1964) 22 urte zituela iritsi zen Madrilera, eta apurka-apurka Malasaña auzo rockzaleko ezinbesteko pertsonaia bihurtu da. Glutamato Ye-Ye taldeko baxu jotzailea izan zen, bai eta Clovis eta Los Eterno taldeetako buru ere. Oyonarte, baina, Los Enemigos taldean egindako lanagatik egin da ospetsu, Josele Santiagok zuzendutako egitasmoan lau sokak jotzen baititu. Aurretik, Malasañako hainbat lokaletan aritu zen tabernari eta disko jartzaile. Horrekin batera, azpimarragarria da bere ekoizle lana: Los Planetas, Lagartija Nick, Mercromina eta Ama dira Almeriako musikariarekin aritu diren talde batzuk. Libros de Ruido argitaletxea ere abiatu du.

Bada, ibilbide oparo hori egin eta gero iritsi zaigu Oyonarteren bakarkako estreinako lana. Diskoak gitarra akustikoan eta bere ahotsean oinarritutako bederatzi doinu biltzen ditu, melodia sinpleekin osatuak eta konponketa bikainekin jantziak. Lan intimoa da, bizizalea, biografikoa eta gordina. Gordintasun hori hitzetan islatzen da, batik bat.

Diskoaren sonoritatean, bestalde, ez da songwriter kontzepturik nabaritzen, ezta poesia musikatuarena ere, batez ere pop melodien nagusitasunagatik, bai eta kantuetan txertatutako soka eta piano konponketa sotil bezain zoragarriengatik ere. Hortaz, diskoa askoz gertuago dago Elliot Smithen lanetatik —Finok berak aitortu du eragin hori, eta nabaria da—, Leonard Cohenen itzaletik baino, kanadarraren zantzuak ere entzuten badira ere. Horri guztiari kutsu donostiarra ere gehitu ahal zaio, Donosti Sound-arena edo Rafael Berriorena, azken horren lirismoaren trazarik antzematen ez den arren. Amaitzeko, Nick Drake aipatuko nuke, galestarraren oihartzunak diskoaren zimur guztiak bustitzen baititu.

Disko laburra da, 35 minutu inguru irauten du. Kantuak hari berean josita daude, ahotsaren eta gitarraren etengabeko presentzia tarteko. Horrekin batera, konponketak apartak dira, eta apainketa horien ondorioz abestiek bestelako koloreak erakusten dituzte. Hala, musikariaren loba Silvia Perez-Maderoren biolontxeloak, Ana Galleteroren (Mercromina, Travolta) biolinak, Carlos Aquilueren (Kiev cuando Nieva) lauteak eta Caio Bellveser-en kontrabaxuak osatutako lantaldearen ahalegina laudatu beharra dago, betiere Philip Petersonen (St. Vincent, Lorde, Nada Surf) eta Oyonarteren gidaritzapean. Cesar Verduk (Leon Benavente, Schwarz), sintetizadorea jo ez ezik, diskoa ere ekoitzi du, dotoreziaz.

Hartara, idazketa, konponketa eta ekoizpen lan dirdiratsua direla-eta, diskoa adituen kutunen artean kokatu da. Merezita, gainera, entzunaldiekin hazi egiten den lan bat baita. Horretaz gainera, Oyonartek erakutsi du badakiela ageriko influentziei bere marka itsasten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.