Musika. Rosalia. 'El mal querer'

Arauz kanpoko flamenkoa

Diskoetxea: Sony Music. .

2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Bai, ni ere harrapatu nau Rosaliaren fenomeno honek bere zurrunbiloan, eta tra-tra sukarrak jota ibili naiz —eta nabil— azkenaldian, beste asko bezala.Aspaldi harrapatu ninduen, iaz Los Angeles bere lehen diskoa argitaratu zuenean, flamenko zalea izan gabe liluratu eta ia zaletu ninduen-eta. Ordutik haren nondik norakoak gertutik jarraitu ditut, eta nola ez, itxaronaldian adi-adi egon naiz disko berria noiz argitaratuko zain.

Oraindik gogoan dut Malamente aurrerapen abesti moduan plazaratu zuenekoa, flamenkoa rap doinuekin fusionatu eta elektronika ukituak ere azalduz, aspaldian entzundako esperimenturik arriskatu eta emaitza ederrenetakoa iruditu zitzaidan, izugarria. Eta diskoa ere hala da, fusioz beterikoa, berritzailea eta apurtzailea; bat baino gehiago aho zabalik utzi gaituena. Hain da apurtzailea batzuetan, lagunartean komentatu izan dugun bezala, arraroa egiten zait izan duen arrakasta orokorra. Zeren eta, bai, lehen hiruzpalau abestiak itsaskorrak izan daitezke, baina hortik aurrerakoak martzianoegiak (ez dakit zein hitzekin epaitu) iruditzen zaizkit irrati formuletan jarri eta publiko osoaren gustukoak izateko; ez zait inondik inora erraz irensten den disko bat iruditzen. Ideia, konposizioa eta produkzioa, guztiak dira detailerik txikiena ere zainduta eginak, eta izugarria da El mal querer honen konplexutasuna. Dagoeneko guztia esanda egongo da, baina ez dakienarentzat, diskoa XIII. mendeko Flamenca izeneko liburuan dago oinarrituta, eta abesti bakoitzak bi izen ditu, berak ipinitakoa eta oinarritua dagoen liburuko pasartearena. Emakume baten maitasun istorio toxiko bat azaltzen du, azkenean hau ahaldundu eta garaile ateratzen dena. Musikari dagokionez, oraindik ere flamenkoa du oinarri, baina beste hainbat estilorekin horrenbesteko fusioa ematen denez, oinarria estilo bat gehiago bihurtzen da batzuetan; rapak, elektronikak, popak eta, berak ezetz dioen arren, nire ustez trapak ere protagonismo itzela hartzen baitute. Dena den, kontuan hartzekoa da flamenkoarena, eta askotan flamenkotik urruntzen duena ez dela beste musika estilo batekin nahastea, produkzio aldetik erantsi dituen efektuak baizik. Horren adibide nagusi dira Que no salga la luna eta diskoko azken abestia, A ningún hombre, minutueta erdiko abestia, bere ahotsa bakarrik ageri dena, baina ahots horren kapa ezberdinak gainjarriak, flamenko puristentzat ziurrenik zentzugabekeria izugarria izango dena. Mundu mailan ezaguna egin den Malamente-tik harago ere asko dago diskoan, eta mamitsua gainera, behin eta berriro entzun arte konturatuko ez garena. Aukera bat ematea merezi du, betiere jakitun izanik ez gaudela flamenko disko baten aurrean, ezta rap edo trap abeslari batenean ere. Horiek guztiak nahasten dituen pop lan bat bezala hartu dezakegu, eta gozatu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.