Musika. Najwa 'Viene de largo'

Anabasa txukuna

Diskoetxea: Mushroom Pillow.

2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Ibilbide luzea badu ere, esan dezakegu Najwa Nimri musikariak aldaketarik nabarmenena azken urteotan izan duela. Zineman eta, batez ere, telebistan eginiko lanek publiko gazteago baten artean bere burua ezagutarazteko aukera eman diote, eta horrek ere azken disko honetan eragina izan duela dirudi. «Orain nahi dudana egiten dut, horretarako lan egin dudalako, eta punto», esan du behin baino gehiagotan, eta ez zaio arrazoirik falta, 25 urte luzez aritu baita bakarka eta baita Carlos Jeanekin taldean etengabeko eboluzioan, Viene de largo honetan techno eta trap doinuek ongi erakusten duten bezala.

Mala Rodriguez abeslariaren lagun mina izanik, hark bezala tendentzia berriekiko interes eta jakin-mina erakutsi, eta doinu urbanoak bere terrenora ekarri nahi izan ditu, inoiz baino gehiago. Tendentzia berri horiek oso presente daude disko osoan, baina barregarri ez gelditzeko moduan moldatu ditu, duen adinarekin bat egingo duten doinuak sortzeko. Lana irekitzen duen Lento eta ¿Hay alguien ahí? izan litezke horren adibide. El Guincho perkusioetan lagun du lehenengoan, baina pianoarekin jazz ukituak ere eskaintzen ditu, oso kanta fin eta era berean gaur egungoa lortuz. Bigarrena doinu latinoetara doa, kubatar abesti bat balitz bezala, baina heldutasuna ageriz. Baina, era berean, badira kontraste bortitzago bat egiten duten abestiak ere, Güija eta Tasqtsales adibidez. Itzulingururik gabeko hitz zuzen eta zorrotzak lotsarik gabe abestuz, diskoaren filosofia laburbilduz, guztia izan arren gehiago nahi duten horiei eskaini dizkie kantuok. Goxoagoak ere badira, Madrid vacío eta Búsqueda en sue-ños esaterako, nortasun handia eta puntu dibertigarri bat dutenak.

Lehen aipatu bezala, hainbat dira hamar abestiotako doinu eta estiloak, eta hip-hopak eta trapak presentzia nabarmena daukatela ezin daiteke ukatu; Güija-n eta Todos respirando-n kasurako, eta baita reggaeton ukitua duen Buenas palabras-en ere. Ekialdeko musikarekin ere ausartu da Más arriba-n, eta horrenbeste nahasketak nahaste-borrastea ekar dezakeela badirudi ere, egiari zor, oso ongi datoz bat, hain ibilbide luzeak eman dion eskarmentuari eskerrak ziurrenik.

Bestetik, bere ahotsaren tinbre berezia beste ahots distortsionatu batzuekin nahasten du Nawjak—telesailetan askotan egin izan dituen gaizkile roletan jarraituko balu bezala—. Egia da doinu urbanoek berebiziko garrantzia dutela, baina egia da bere ibilbide osoa markatu duen elektronika ere hemen asko ageri dela, eta doinu anabasa honetan oinarri gisa mantentzen dela.

Bere-berea den diskoa kaleratu du Najwa konpositore, produktore, aktore, elektronika zale eta errebeldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.